Hiri bat ekaitzaren erdian

AEBetako Charlottesville hirian eta Virginia estatuan larrialdi egoera ezarri dute gaurko, iaz eskuin muturreko taldeen eta horien aurkakoen artean piztu ziren liskar larrien urteurrenerako
Antifaxista talde bat, poliziek osatutako hesi baten aurrean, atzo, Charlottesvillen.
Antifaxista talde bat, poliziek osatutako hesi baten aurrean, atzo, Charlottesvillen. JIM LOSCALZO / EFE

Mikel Rodriguez -

2018ko abuztuak 12
«Charlottesvilleko liskarrek duela urtebete zentzurik gabeko heriotza eta desadostasuna sortu zuten. Nazio gisa elkartu behar dugu. Arrazakeria eta indarkeria ekintza guztiak gaitzesten ditut. Bakea amerikar guztiei!». Donald Trump AEBetako presidenteak Twitter sare sozialean idatzi zuen mezu hori atzo, Charlottesvilleko erasoen urteurrenean giroa lasaitzeko. Iaz, ordea, kontrako eragina izan zuten haren solasek, supremazista zuriek manifestari antifaxista bat hil ondoren bi aldeak parekatu baitzituen, eta gaineratu baitzuen eskuin muturrekoen artean «hagitz jende ona» zegoela. AEBetako hiri txiki bateko gertakari bat nazioarteko berri bihurtu zen egun horietan.

Gaur beteko da urtebete hilketa gertatu zela. Virginiako Unibertsitateko ikasleek hori oroitzeko elkarretaratze bat egin zuten bart Charlottesvillen, baina supremazistak ere karrikara ateratzekoak dira. Aurten, Washington hiriburuan antolatu dute bilkura, gaur. Iaz Charlottesvillen antolatu zuen berberak eskatu du baimena, Jason Kessler eskuin muturreko ekintzaileak. Elkartu Eskuina 2 izena paratu dio martxari, iazkoaren jarraipentzat aldarrikatzeko —Elkartu Eskuina izena zuen—.

Virginian, hala ere, Ralph Northam gobernadoreak muturreko neurriak hartu ditu, eta joan den ortzegunetik larrialdi egoera ezarria du estatu osoan. Bart elkarretaratzera deitua zuen ikasle taldea, ordea, kritiko agertu zen Poliziaren presentziarekin. «Ez dugu eskatu babes gehigarririk. Badakigu ez daudela hemen gu babesteko. Virginiako Unibertsitateak tranpa bat paratu digu polizien gehiegikeriak jasan ditzagun», adierazi zuen ikasle taldeak Twitter bidez.

2017KO ABUZTU HASIERA

Abuztuaren 12ko erasoen aitzinetik, Charlottesvilleko martxaren auziak jada erakarria zuen AEBetako hedabideen arreta. Robert E. Lee gerra zibileko (1861-1865) jeneralaren estatua bat zen eztabaidaren azaleko gaia. Amerikako Estatu Konfederatuen armadako burua izan zen Lee, eta Charlottesvilleko Udalak erabaki zuen estatua kentzea, bertzeak bertze, beltz anitzek iraintzat dituztelako konfederatuen aldeko ikurrak, konfederazioak esklabotza mantendu nahi zuelako. Kesslerrek, ordea, estatua kentzeko erabakiaren aurka protestara deitu zuen, eta bertze helburu bat ere eman zion martxari: eskuineko joerak elkarrekin agertzea kausa bateratu baten alde.

Udalak martxaren tokia aldatzeko agindu zion Kesslerri, baina ez zuen onartu, eta auzitara jo zuen. Ezusteko bidelagun bat topatu zuen Kesslerrek, ACLU Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunak haren eskaera babestu baitzuen. ACLU 1920an sortu zuten, adierazpen askatasunaren defentsa babesteko gobernuz kanpoko erakunde gisa, I. Mundu Gerran parte hartzearen aurka agertu zirenen kontrako errepresio testuinguru batean. ACLUk defendatu izan ditu japoniar jatorriko herritarrak II. Mundu Gerran, eskubide zibilen aldeko ekintzaileak 1960ko hamarkadan, Vietnamgo gerrako intsumisoak, LGTBI herritarrak, «terrorismoaren» aurkako legediarekin gehiegikeriak pairatu dituztenak, eta abar. Eragin publikoko elkarte pribatu bat da; lobby lana egiten du, eta lege babesa ematen die biktimei.

Charlottesvilleko kasuan, ondorioztatu zuen udala Kesslerren adierazpen askatasuna urratzen ari zela, eta babesa eman zion. Virginiako auzitegi batek abuztuaren 11ko arratsean eman zion baimena Kesslerri hark nahi bezala egiteko martxa; ordu batzuk lehenago, jada hainbat neonazi eta zuri supremazista baimenik gabe ibiliak ziren unibertsitateko campusean oihu eta irain arrazistak egiten, eta istiluak sortzen.

GERTAKARIAK

Giroa ezin beroago zegoen abuztuaren 12rako. Neonaziak, KKK Ku Klux Klaneko kideak, suzko armekin armatutako milizianoak eta mota guztietako eskuindarrak atera ziren Elkartu Eskuina martxan. Kontramanifestazio jendetsuak ere prest zeuden, ordea, militante antifaxistekin, Black Lives Matter-eko eta beltzen eskubideen aldeko ekintzaileekin, anarkistekin, ikasle taldeekin eta bertzelako kolektiboekin. Zuri supremazista batek horietako kontramartxa bati eraso zion auto batekin; Heather Heyer 32 urteko manifestaria hil zuen, eta bertze hemeretzi zauritu zituen. Borrokak, jipoiak, erasoak gasarekin... Liskar larriak piztu ziren, eta eskuin muturreko manifestariek suzko armekin tiro ere egin zuten. Udalak larrialdi egoera ezarri zuen, eta Poliziak indarrez hustu zituen karrikak. Errefortzuak eramaten ari zen helikoptero batek lurra jo zuen, eta bi polizia hil ziren.

TESTUINGURUA

Hainbat egunez nazioartean arreta gehien erakarri zuen berria izan zen Charlottesvillekoa. Testuinguruak izan zuen garrantzia. Izan ere, aitzineko urteetan, Barack Obamaren bigarren agintaldian (2012-2016), nazioarte osoaren arreta erakarria zuten Poliziak hildako herritar beltzen kopuru handiak, horien mendekuz Poliziaren aurka egindako zenbait eraso handik, baita zuri supremazistek egindako erasoek ere —ezagunena, 2015ean Charleston hirian egindakoa, bederatzi hildakorekin—. Trumpek hauteskundeak irabazi eta presidentetzatik eskuin muturreko ideiak modu irekian defendatzeak eman zion azken ukitua urtetan egositako giro beroari.

ONDORIOAK

Eskandalu politikoa berehalakoa izan zen. Trumpek egunean bertan «alde askotariko indarkeria» gaitzetsi zuen. Hurrengo egunetan egin zituen adierazpenek erregai gehiago bota zioten suari. 1960ko hamarkadaz geroztik presidenterik kontserbadoreenak ere saiatu ziren eskuin muturraren adierazlerik esplizituenetatik aldentzen, baina Trumpek eman zuen itxura izan zen nolabaiteko homologazio bat ematearena mugimendu horiei. Hurbileko aholkulariek dimisioa aztertuko zutela erran zuten, eta New Yorkeko Trump dorrearen inguruan protesta jendetsuak antolatu ziren. Charlottesvillek bazirudien mugarri bat zela, Trump zabar eta ahul agertu baitzen, baina, urtebetera, alboan zituen horiek alboan jarraitzen dute, eta ez zen mugarririk izan, iraganean gelditu den hanka sartze bat gehiago baizik. Futbol amerikarreko ligan AEBetako ereserkia aditzean protesta egiten duten jokalari beltzak kritikatu zituen Trumpek herenegun bertan, eta leporatu zien ez jakitea zergatik adierazten duten «haserrea».

Ezbaian gelditu dena ACLU izan da. Hilketaren egunean bertan erakundeak «supremazismo zuriaren ahotsak» gaitzetsi zituen, eta babesa eman zien kontramanifestariei, baina Kesslerren eskaera babesteko erabakia justifikatu zuen. Handik bortz egunera, ordea, gibelera egin, eta adierazi zuen ez zuela inoiz gehiago babestuko «gorrotozko mezuak» dituen talderik. Charlottesvilleko gertakariez geroztik, ezkerreko taldeek eta beltzen eskubideen mugimenduaren aldekoek begi tartean hartua dute Claire Gastañaga ACLUren Virginiako adarreko burua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna