Usansolo herri izateko bide orria adostu dute Galdakaon

Aldundiari foru legea aldatzeko eskatu, eta galdeketa egingo dute.

EAJk ez du moziorik aurkeztu udalbatzan, eta PSErena onartu dute
PSEk aurkeztutako mozioa onartu zuen atzo iluntzean Galdakaoko Udalbatzak.
PSEk aurkeztutako mozioa onartu zuen atzo iluntzean Galdakaoko Udalbatzak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2014ko azaroak 28
Usansolo (Bizkaia) Galdakaotik bereizi eta Bizkaiko 113. udalerria osatzeko ados jarri nahian ari dira oraindik Galdakaoko Udalean. Heldu den igandean Usansolo Herria plataformak (UH) desanexioari buruz egindako galdeketaren ondoren, udal taldeek osoko bilkura egin zuten atzo iluntzean. Mozioa aurkeztu zuen PSE-EEk; hiru puntutan aurrera begirako bide orria marraztea zuen helburu sozialisten proposamenak: segregazioaren aldekoak eta kontrakoak aztertuko dituen analisia egitea, aldundiari Bizkaiko mugapeen foru araua aldatzeko eskaera egitea eta, azken urrats gisa, usansolotarrei galdeketa egitea. PSE, EH Bildu, UH eta Galdakao Bizirik taldeen babesarekin onartu zen mozioa. Abstenitu egin zen EAJ, eta aurka bozkatu zuen PPk.

Udalbatzako alderdiek zuzenketak proposatu zizkioten PSEk aurkeztutako mozioari. EAJk proposatu zuen udalean batzorde parekidea osatzea prozesua aztertzeko; baina ez zuten adostasunik lortu, eta testua bere horretan uztea erabaki zuten sozialistek.

EAJ ere beste mozio bat aurkeztekoa zen atzo. Otsailean, Galdakaoko Udalak deituta, galdeketa egitea adostea zuen helburu jeltzaleen proposamenak. Baina bertan behera utziko zutela iragarri zuen Ibon Uribe alkateak osoko bilkuran. Azaroaren 23ko galdeketan parte hartze handia izan dela esan zuen, eta auzia udaletik bideratu behar dela uste badu ere, adierazi zuen herri galdeketaren emaitzak errespetatu egingo dituela.

2.187 herritarrek parte hartu zuten joan den igandean, %73 inguruk, alegia. Horietako %90ek bozkatu zuten Usansolo udalerri bilakatzearen alde. Horregatik erabaki zuten jeltzaleek otsailean beste galdeketa bat egitea helburu zuen mozioa bertan behera uztea.

Usansolok foru araua du Bizkaiko 113. udalerri bihurtzeko traba nagusia. 2012ko abenduaren 5ean onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaiko mugapeen foru arau berria. Bizkaian dauden 112 herriez gain besterik sortzea eragotzi zuen, eta ordura arte abian egondako prozesuak balio gabe utzi zituen —Usansolo zen bakarra—. Legearen aurkako zuzenketa aurkeztu zuen UH plataformak batzar nagusietan: Bilduren eta PSE-EEren babesa jaso zuen, PP abstenitu egin zen, eta EAJk aurka bozkatu zuen. Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuten auzia gero. Eskaera onartu eta foru legearen edukia aztertuko duela adierazi zuen auzitegiak. Baina ebazpenaren zain daude oraindik.

Egoera aldatzen ari da, ordea. Usansoloko gatazka konpontzeko borondate politikoa ikusten dutela adierazi zuten atzoko osoko bilkuran UHko ordezkariek. Horren adibide gisa jarri zituzten azken asteetan EAJko hainbat ordezkarik foru araua aldatzearen alde egindako adierazpenak eta Galdakaoko Udalak gaiari heltzeko eta adostasunak lortzeko agertu duen borondatea.

Udalean dauden alderdi guztien babesik gabe, datozen hilabeteetarako bide orria adostu zuten atzo Galdakaoko Udalean. Asmo horiek guztiak aurrera eramateko zehaztapenak, baina, adosteko daude oraindik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna