Erreforma sakonen eske

Thailandian gobernuaren aurkako protesta jendetsuak egiten ari dira asteotan. Monarkiaren aurka ere jo dute manifestariek, eta aldaketak eskatu dituzte. Ez dira ohikoak erakunde horren kontrako kritikak

Thailandian egiten ari diren protestetako irudi bat. DIEGO AZUBEL / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Asteotan milaka pertsona ari dira Thailandiako karrikak betetzen gobernuaren aurka protesta egiteko. Bangkoken azken urteetan eginiko manifestazio handienetarikoak dira, baketsuak, eta, oro har, gazteak dira horien antolatzaileak. Hiru eskaera nagusi dituzte mobilizazioetan parte hartzen ari direnek: parlamentua desegitea, konstituzioa berridaztea eta agintariak kritikatzen dituztenei jazartzeari uztea.

Bide batez, monarkiaren aurkako protestak ere ari dira egiten, eta erreformak galdegiten dituzte. Kontu delikatua da hori Thailandian. Legearen arabera, kartzelara joan daiteke errege etxea kritikatzen duen oro, eta hamabost urte arteko espetxe zigorra ezarri ahal diete. Kalera irteten ari diren protestariek, besteak beste, instituzio horren botereak mugatzeko exijitzen dute. Asiako herrialde horretan ez dira ohikoakmonarkiaren aurkako kritikak, erakunde sakratutzat baitaukate askok.

Uztailaren 18an abiatu zituzten protestak, unibertsitarioek, eta, ordutik, indarra hartuz joan da olatua. Poliziaren arabera, joan den igandean 10.000 lagun inguru bildu ziren «demokraziaren» aldeko aldarrikapenak egiteko. Halaber, ia egunero ari dira ekintzak antolatzen.

Gobernuak mobilizazioak gaitzetsi ditu, eta gogor erantzun die protestei. Joan den ostegunean, esaterako, Poliziak bederatzi ekintzaile atxilotu zituen. Horiei, besteak beste, sedizioa eta koronabirusaren pandemiaren ondorioz ezarritako murrizketa neurriak urratzea leporatzen diete.

Jazarpenaren kontrako erreakzioak ere iritsi dira. Human Rights Watch (HRW) gobernuz kanpoko erakundeak nazioarteari eskatu dio Thailandiako Gobernuari presio egiteko «demokraziaren aldeko» ekintzaileen eta disidenteen aurka martxan jarritako neurriak eten ditzan. «Nazio Batuek eta nazioarteko komunitateak publikoki hitz egin behar dute, eta Thailandiako errepresio politikoari aurre egin», adierazi zuen Brad Adams Asiarako erakundeko zuzendariak. Haren esanetan, disidenteei entzuteko gobernuaren promesak «zentzugabeak» direla erakutsi da, eta, bitartean, «ekintzaileen kontrako atxiloketak areagotu dira». Ming Yu Hah Amnesty Internationaleko kanpainen eskualdeko zuzendari laguntzaileak salatu zuenez, gobernua modu baketsuan kritikatzen dutenak isilarazteko erabiltzen dute legea Thailandiako agintariek. «Argi dago kargu horien helburua kalera irteten ari diren geroz eta pertsona gehiago beldurtzea dela».

2014an boterera

Protestek Prayuth Chan-ocha herrialdeko lehen ministroa dute jomugan. Hura 2014an iritsi zen agintera, militarrek emandako estatu kolpe baten ondotik—Prayuth bera zen armadaren buru—. Bost urtez izan zen estatua gobernatu zuen junta militarreko buruzagi, eta, ondoren, 2019an eginiko hauteskundeak irabazi zituen: Thailandiako lehen ministroa da ordutik. Manifestarien arabera, ordea, bozak ez ziren gardenak eta justuak izan. Hala, «diktadura» amaitzeko exijitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.