Balio handiko landare txikia

Oso mundu ezezaguna da goroldioarena; haatik, uste baino garrantzi handiagoa du landareak: xurgatzaile aparta da. Historian zehar, gizakiak hainbatetan erabili du bere mesederako.
Mundu zabalean, edonon dago goroldioa; irudian, Gorbeiako Natur Parkean.
Mundu zabalean, edonon dago goroldioa; irudian, Gorbeiako Natur Parkean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Arkaitz Almortza Muro -

2014ko abenduak 28
Abendua iristen denean, Gabonek duten berezko berotasunaz epeltzen hasten dira Euskal Herriko etxeak, lantokiak, dendak eta ikastetxeak. Oro har, ongi errotuta dago errituala: bazterrak atontzen dira, eta zuhaitzak eta jaiotzak jartzen dira ia leku guztietan. Horiek horrela, asko dira goroldio bila mendira joaten direnak, jaiotza behar bezala ipintzeko. Maiz, nahi beste landare hartzen da, jarrera horrek ekar ditzaken ondorioekin ohartu gabe. Haatik, uste baino rol garrantzitsuagoa betetzen du goroldioak naturan.

Leku heze eta ilunetan jaiotzen da landare hori. Mundu zabalean, edonon dago, itsasoan izan ezik —Antartikan eta basamortuan ere badago—. Azken datuen arabera, 18.000-20.000 espezie inguru daude Lurrean; 1.000-1.100 Iberiar penintsulan eta 666 Euskal Autonomia Erkidegoan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baina, goroldioaren %10 dago galtzeko arriskuan; zazpi espezie, gutxi gorabehera. Zerrenda horretan dago Arabako Orthotrichum casasianum espeziea, munduan bakarra. 2000. urtean aurkitu zuten Patxi Heras eta Marta Infante botanikariek, Baia ibaiaren ertzean, Zuia eta Kuartango artean.

Hamaika ezaugarri ditu landareak, baina bi nabarmentzen dituzte adituek: kolonizatzailea eta xurgatzaile aparta da; alde batetik, erraz igotzen da harkaitzetara edota zuhaitzetara, eta, bestetik, euri ura erraz biltzen du. Gasteizko Natur Zientzien Museoko Botanika saileko ikertzailea da Patxi Heras, eta oso ongi ezagutzen du goroldioen mundua: «Landarea zorua sortzen duen organismoa da. Haren gaitasunaren ondorioz, urmaelaren antzekoak direla esan daiteke, nahikoa ur biltzen baitute: euria xurgatzen dute, eta, ondoren, pixkanaka-pixkanaka askatzen doaz, oreka hidraulikoa mantenduz. Aldi berean, lurreko animalia txikitxoenen etxe ere badira. Oso ezezaguna da goroldioen mundua, baina garrantzi handiko landareak dira».

Gainerako ezaugarriei dagokienez, berriki ezagutu da bitxiena: izoztu ostean berriro bizi eta ugal daiteke. Izan ere, Readingo Unibertsitateko eta British Antartic Survey taldeko ikertzaile lantalde batek (Erresuma Batua) Antartikako izotzean 1.500 urte izozturik egon duen goroldioa berpiztea lortu du. Ikerketaren arabera, permafrost azalean, hotz handiko eremuetan izozturik dagoen lurzoruan, bizirik jarraitzeko gai da Chorisodontium aciphyllum espezieko goroldioa. Landarearen lagina hartu zutenean, ohartu ziren goroldioa ez zegoela hilda, jarduerarik gabe baizik. Desizoztu eta inkubagailu egoki batean sartu zutenean, landarea ernatu eta kimu berriak sortu zituen: goroldioaren azalera hiru zentimetrotik 23ra handitu zen.

Gizakiaren mesederako

Ezezaguna den arren, aspaldikoa da gizakiaren eta goroldioaren arteko harremana. Ipar Amerikako indiarrek, esaterako, goroldioarekin egiten zituzten euren tribuetako haurren pixoihalak, xurgatzaile onak direlako; sehasketan ere ipintzen zuten. Landarearen gaitasun hori baliatuz, II. Mundu Gerran, Britania Handiko hainbat herritan Sphagnum espezieko goroldioak erabili zituzten, zaurtutako soldaduen zauriak sendatzeko.

Ura xurgatzeko ahalmenagatik, gizakiak bestelako erabilerak eman dizkio goroldioari. Erresuma Batuko landa eremuan, adibidez, Fontinalis antipyretica espeziea erabiltzen zuten suteei aurre egiteko: ibaiertzetan egoten denez, ura biltzeko gaitasuna baliatzen zuten sua itzaltzeko. Hortik datorkio izena, latinez: suaren kontrakoa da esanahia, gutxi gorabehera.

Usteltzen direnean ere beren egitekoa betetzen dute. Sphagnum espezieko goroldioek zohikatza sortzen dute usteltzean. Materia organiko horrek bi eginkizun nagusi izan ditzake: batetik, erregai gisa erabiltzen da, eta, bestetik, baratzezaintzan erabiltzen da, zoruetan zabaltzeko. Horiek horrela, balio ekologiko handia dutela nabarmendu du Herasek. Ibaiertzetan daudenak uretako osagai toxikoak xurgatzeko gai dira, eta, horrenbestez, ibaiak garbitzen dituzte.

Gastronomiaren mundura ere salto egin du goroldioak, nahiz eta eman duen pausoa oso txikia izan. Egia da egun ez dela apenas erabiltzen, eta oso animalia gutxik jaten dutela landarea. Halere, badira beren elikagaitzat hartu izan dituzten herriak. Finlandian, esaterako, ogia egiteko erabili zuten zohikatzaren goroldioa gosetearen urteetan. Ildo berari jarraiki, Eskozian whiskia egiteko erabiltzen dute hainbat ekoizlek. Antza, zohikatza erretzen dute sutan, eta horrek lur zaporea ematen dio edariari.

Laster amaituko dira Gabonak. Herritar askok aurten bildutako landareak zakarretara botako dituzte: «Gu ez gaude goroldioa hartzearen aurka; uste dugu neurrian hartu behar dela. Beraz, Eguberriak amaitzean, jasotako goroldioa poltsa batean gorde daiteke, eta hurrengo urtean erabili». Basoetako ekosistema zaintzea denon ardura dela nabarmendu du: izan ere, goroldioa atera ostean, gutxienez 10 urte behar dira berria jaiotzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna