Eskuinaren lider berria

PPk Pablo Casado aukeratu du alderdiko buru, eta, ezusterik ezean, hautagai izanen da Espainiako presidentetzarako. Hauteskunde legea aldatu nahi du, «nazionalisten giltzarria» eragozteko

Pablo Casado, atzo, PPko presidente izendatu berritan, alderdiak Madrilen egin duen 19. ezohiko kongresuan. ZIPI / EFE.
mikel rodriguez
2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
«Ezin da alderdiko buruzagi izan iraganaz harro ez dagoen norbait. Ni harro nago Jose Maria Aznarrez, Mariano Rajoyz eta Manuel Fragaz». Espainiako eskuinak badu lider horien ordezkoa atzotik. Pablo Casado aukeratu dute PPko konpromisarioek buruzagi gisa ezohiko kongresuan, eta, datozen hilabeteetan ezusteko aldaketarik gertatu ezean, hura izanen da eskuinaren presidentegaia Espainiako hurrengo hauteskunde orokorretan, bi urte barru. Botoa emateko eskubidea zuten 2.973 militanteetatik %57k egin dute Casadoren alde, eta %42k, berriz, Soraya Saenz de Santamaria alderdiko eta gobernuko presidenteorde ohiaren alde. PPren ildo politikoa are eskuinerago eramatea defendatu du Casadok kanpainan, eta, behin lehia irabazita, argi utzi du hori dela urratu nahi duen bidea. «PP itzuli da».

Irabazlea zela ofizialki jakinarazi ondoren egin zuen lehenbiziko hitzetik, lehentasunak argi utzi zituen Casadok, errege etxeari egin baitzion aipamena. «Gora Espainia! Gora erregea!», oihukatu zuten ikusleen jarlekuetatik. «Gora erregea, bai», erantzun zien Casadok. Jarraian, harira jo zuen, PPk boterea berreskuratuz gero zein asmo dituen azaltzeko. Nagusia, nazio minorizatuetako independentismoaren eta nazionalismoaren aurka are gogorrago jotzea, bi tresna erabilita: Hauteskunde Legea eta Zigor Kodea.

Espainiako Kongresuak 350 ordezkari ditu gaur egun, eta Casadok kopuru hori 400era igo nahi du; horrela, gehitutako 50 diputatu horiek hauteskundeen irabazlearentzat izanen lirateke. «Horrela, ez genuke izanen nazionalisten giltzarrien dependentziarik, ezta bertze alderdiren batena ere, azken legegintzaldian gertatu dena ez bezala». Erreforma hori egiteko ez litzateke konstituzioa aldatu behar.

Zigor Kodea gogortuta, berriz, «erronka sezesionista guztiak» geldiarazi nahi ditu Casadok, eta Rajoy aitzineko presidenteak Kataluniarekin hartutako ildo errepresiboa guztiz sakontzeko nahia adierazi du. «Torraren plana geldiaraziko dugu, lehenago Puigdemonten plana eta Ibarretxeren plana geldiarazi genituen bezala», adierazi zuen, Kataluniako azken bi presidenteak eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia aipatuz. Bertze hainbat arlotan ere —hezkuntzan, osasunean...— zentralismoa azkartu nahi duela erran du Casadok, eta metafora batekin laburbildu du ideia hori, Kataluniako prozesu independentista hasi zenetik Espainia osoan herritar anitzek etxeetan zintzilikatu dituzten Espainiako banderak gogora ekarriz: «Balkoien eta banderen Espainiarekin bat egin behar dugu».

Zuzendaritza negoziatua

Dena den, gobernuarekin ametsetan hasi aitzinetik, alderdia berregituratu behar du Casadok. Primarioen prozesuak inoiz gutxitan bezala azaleratu ditu PPko kideen arteko xextrak eta joko zikina, eta atzo presidente berriak batasunaren eta elkarlanaren alde egin zituen mezuak kudeatu beharko ditu orain. Hurrengo astean, Batzorde Exekutibo Nazionala elkartuko du, zuzendaritza berria osatzeko, eta asmoa du hori Saenz de Santamariarekin negoziatzeko.

Casadok 37 urte ditu, Kongresuko diputatua da, eta PPn izan duen azken kargua Komunikazio idazkariordearena izan da. Gaztelarra da izatez —Palentzia hirian jaioa—, baina bete-betean gorpuzten ditu Madrilgo elite eskuindarraren ideal zentralistak eta klasistak. Madrilgo eskuin muturreko telebista kateen tertulietan parte hartuta hasi zen ezagun egiten, duela urte batzuk, eta tertulia horietako estilo zakar eta anitzetan iraingarria politika egiteko estilo pertsonal bihurtu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.