Katalunia. Prozesu subiranista

Herria hasi da erantzuten

'El Vallenc' astekariaren bi egoitza miatu ditu Guardia Zibilak, galdeketarako botopaper bila. Espainia iskanbila bila dabilela dio Puigdemontek. «Hautetsontzietan gainditu ditugu, modu demokratikoan»

Herritarrak astekariaren atarian bildu ziren, eta protesta egin zuten polizia operazioaren kontra. EL VALLENC.
Igor Susaeta.
2017ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak behin eta berriro errepikatzen du, aspalditxotik, «behar dena» egingo duela datorren urriaren 1ean Katalunian independentzia erreferendumik egin ez dadin. Beraz, makineria judiziala martxan jarri zuen Espainiak duela hilabete batzuk, indartu du azken egunetan, eta poliziarenarekin ere ekin dio prozesu subiranistaren kontra. Izan ere, agindu judizial bati jarraikiz, El Vallenc astekariaren bi egoitza miatu zituen Guardia Zibilak atzo Vallsen (Tarragonan) —bezperan bezala, atzo ere Constanti herriko inprimategi batera sartu zen—, han erreferendumerako materiala egon zitekeelakoan. Hango herritarrak, baina, segituan joan ziren astekariaren atarira, eta miaketaren kontra protesta eginez erantzun zuten. Carles Puigdemont iritziz, polizia operazioaren asmoa ez zen galdeketarako botopaperak bilatzea, «iskanbila sortzea baizik. Hautetsontzietan gaindituko ditugu: modu demokratiko, baketsu eta hiritarrean».

PDeCAT alderdiaren Nazio Batzarrean mintzatu zen Puigdemont atzo, eta nabarmendu zuen Kataluniako Gobernuak ez diola autodeterminazio eskubideari uko egingo. «Izan ere, giza eskubideek babesten duten eskubidea da, eta horiei inork ezin die uko egin». Erreferenduma egiteko eman beharreko pausoen baitan, Kataluniako Gobernuak aste honetan onartu ditu Erreferendum Legea, galdeketara deitzeko dekretua, eta Trantsizio Legea, Junts Pel Si eta CUPen botoekin. Madrilek helegitea jarri die hirurei, eta Auzitegi Konstituzionalak behin-behinean baliogabetu ditu lehen biak, eta hirugarrena baliogabetzekotan da.

Puigdemonten esanetan, bukatu dituzte parlamentuko lanak. «Kataluniako Gobernuak martxan jarri du dena». Oroitarazi zion Espainiako Gobernuari «berandu» doazela, eta, Rajoyren esanak gogoan, erreferendumerako «mandatu demokratikoa» betetzeko «behar den guztia» egingo duela azpimarratu zuen. Bihar Diadan kaleak «baretasunez betetzea» eta urriaren 1ean bozkatzea da Madril jartzen ari den trabei erantzuteko «modu egokiena», Kataluniako presidentearen ustez.

Eta herritarrek ere baretasunez erantzun zuten, atzo Vallsen. Besteak beste, Els Segadors abestu zuten astekariaren atarian, eta hori zaintzen ari ziren guardia zibilei kantatu zieten, ironiaz bezala umorez, «non dira botopaperak?». Demokrazia idatzita zeukan pankarta baten atzean elkartu ziren, hautetsontzi bat jarri zuten astekariaren atarian, eta botoa eman.

Gertatutakoa sinestu ezinik zegoen El Vallenc astekariko zuzendaria: «Ustez botopaperen bila etorriko ziren, baina hemen ez dago halakorik; hau astekari bat da. Imajinatzen dut botopaperen arrastoari jarraitzen lagunduko zien dokumenturen baten bila zebiltzala». Francesc Fabregas El Vallenc astekariko zuzendariak BERRIAri adierazi zionez, Guardia Zibilak zazpi ordu pasatu zituen egoitzak miatzen. «Operazioa izugarria izan da. Tiradera guztiak ireki dituzte, paper artean ibili dira. Nahi duten guztia egin dute». Ordenagailu eramangarria konfiskatu zioten, eta iluntzean Guardia Zibilaren Tarragonako komisarian deklaratzera deitu zuten. Ordu erdi inguru eman zuen Fabregasek bertan, baina uko egin zion deklaratzeari. Desobeditzea, prebarikatzea eta diru funtsak bidegabe erabiltzea egotzi dio Goardia Zibilak Fabregasi.

Vallsen gertatukoaren berri eduki ondoren, Jordi Turull Generalitateko bozeramaileak herritarrak deitu zituen erreferendumerako material ofiziala DOGC Generalitateko Egunkari Ofizialetik inprimatzera. «Hemen daukazue material ofiziala. Sartu eta inprimatu», esan zuen txio batean, eta DOGCerako esteka txertatu.

Bartzelonako Udalaren zain

Urriaren 1ean hauteslekuak utziko ote dizkieten jakiteko, Kataluniako Gobernuak gutun bat bidali zien ostegunean Kataluniako 948 udalerrietako alkateei, eta 682k baietz esan dute. Herria, beraz, hasi da erantzuten; 30.000 bat boluntariok, gainera,izena eman dute galdeketaren antolakuntzan laguntzeko. Badira, halere, galdeketa sostengatzen ez duten udalak, eta horietako batzuk biztanle askoko hiriak dira: L'Hospitalet de Llobregat (257.057 biztanle), Tarrasa (215.678), Lleida (141.323) edo Tarragona (133.954). PSC dago agintean horietan.

Bartzelonako Udalak ez du baietz edo ezetz esan. Konstituzionalaren erabakiak direla eta, udalak galdetu dio Kataluniako Gobernuari ea funtzionarioentzatzein ondorio izan ditzakeen aurrera segitzeak. Puigdemontekesan du langile publikoen eskubideak «babesteko» lanean ari direla. Catalunya en Comuk, berriz, barne kontsulta bat egingo du, urriaren 1eko «mobilizazioan» parte hartu edo ez erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.