Ele bitan, itxura lantzeko

Bretainiako Ai'ta kolektiboak salatu du SNCFk hitzemandako seinale elebidunak komunikazio kanpaina hutsa izan direla. Garai batean, demoek eraman zuten borroka Ipar Euskal Herrian.

Bretainiako geltoki bateko panel bat; bretoiera ingelesaren ondoan ageri da, idazkera txikiago eta etzanarekin. AI'TA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2016ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Ar brezhoneg n'eo ket ur yezh estren. Par ouzh ar galleg. Lelo hori irakur daiteke Bretainiako tren geltokietako seinaleen gainean Ai'ta kolektiboak ezarritako itsasgarrietan: «Bretoiera ez da atzerriko hizkuntza. Berdintasuna frantsesarekiko». 2000ko hamarkadan Ipar Euskal Herrian sortu zen Demo mugimenduaren antz handia dauka taldeak: kolore laranjaz jantzirik, bretoierak eremu publikoan frantsesaren toki bera izan dezan borrokatzen dira, umorez betetako ekintza ikusgarriak eginez.

SNCF Frantziako trenbide enpresa publikoa izan da haien jomuga nagusietako bat azken urteetan. Hartara, 2015eko irailean konpainiak seinale elebidunak jarriko zituela iragarri zuenean, garaipen gisa hartu zuten. Urte bat geroago, emaitzak ez ditu gogobete. «Komunikazio kanpaina hutsa izan da, besterik ez», salatu du Tristan Nedeleg Ai'ta kolektiboko kideak. Aitzinamendu bakarra aitortu du: geltokiak berritu dituzten herri batzuetan, herriaren izena bi hizkuntzetan ezarri dute, tamaina eta idazkera berean. Gainerakoan, ingelesaren maila berean agertzen da bretoiera, informazio «partziala» emanez, gainera. Bozgorailuetako ahotsak, txarteldegietako informazioa eta halakoak oraindik ele bakarrez daudela salatu du kolektiboak. «Hamar urteko borrokaren ondotik, SNCFren jarrerak sutu gaitu», esan du Nedelegek.

«Munstro» baten kontra

Hamarkada oso bat markatu zuten Ipar Euskal Herrian Demo desobedientzia zibileko taldearen ekintzek. Ai'ta baino urte batzuk lehenago sortu zen, eta euskararen ofizialtasuna izan zuten lan ildo nagusietako bat. Trenbidean musean jokatzen eta Baionako geltoki gainean txaranga batekin musika jotzen agertu ziren, besteak beste, elastiko horia soinean. «SNCFren gisako munstro bat hautatu genuen zerbitzu publiko nagusietako bat delako. Hor aitzinamenduak lortzeak beste zerbitzu publikoetan eragin zezakeen», esan du Gorka Torre Demo taldeko kideak. «Kanpaina hasi genuenean hartu genuen konpainiaren neurria: enpresa zentralizatu bat da, tokiko errealitateei kasurik egiten ez diena. Xede bakarra du: etekin ekonomikoa lortzea. Zerbitzu publiko bat bainoago, merkatuaren logikari segitzen dion enpresa bat da».

Ekintzen bidez egin zuten interpelazio lanaz gain, Ipar Euskal Herriko SNCFko zuzendaritzarekin biltzeko aukera ere izan zuten behin baino gehiagotan, baina harreman iraunkor bat lortzeko zailtasunak aipatu ditu Torrek. «Kanpaina osoan hiru edo lau zuzendari ezagutu genituen. Suprefetak eta prefetak bezala, usu aldatzen dituzte, hurbileko jendeekin harreman gutxi izan dezaten. Haien funtzioa zentralitatetik erabakitakoa aplikatzea da, ahalik eta modu hotzenean». Torreren arabera, egitura horiek ez dira tokiko beharrei erantzuteko egokituak: «Modu zentralizatuan zerbitzu uniformizatu bat ematen dute».

Baina ekintza ikusgarriak ez ziren erantzunik gabe egon; demoek zigor ekonomiko handiak izan zituzten. «Ohartu zirenean kartzelara joateak ez gintuela bereziki trabatzen, isunak erortzen hasi ziren». Bretainian, oraingoz behintzat, ez dute justiziarekin arazo askorik izan. SNCFk salaketak jartzen baditu ere, gehienetan segida gabe gelditu ohi dira.

Torreren iritziz, gaur egun desobedientzia zibila lantzen duen talde bat falta da. «Merkatua da gure arazo nagusia; merkatuaren alternatibak eraikitzeko halako mugimendu sozial eta aktibo batzuen behar gorria dugu».

Bretainian, indar harremana

Ai'ta kolektiboaren borrokak babes instituzionala ere lortu du. Herriko etxe zenbaitek eskaera formala bidali diote SNCFri, seinale elebidun eta orekatuak plantan jarri ditzan. Ai'ta kolektiboak ere ekintzak egiten segitzeko borondatea erakutsi du. Ipar Euskal Herrian, hirigune elkargoak ekar lezakeenaren zain dira eragile eta instituzioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.