Sloviansk utzi dute matxinoek, Kieven erasoaldiari eutsi ezinik

Azken asteetan hiria inguratu ondotik, errusiazaleen gotorlekua izandakoa hartu du Ukrainako armadak.

Lehen aldiz ia hiru hilabetean, Ukrainako bandera igo dute udaletxean
Gatazkak Ukrainako ekialdea txikitu du. Irudian, Kramatorsk hiriko eraikin bat.
Gatazkak Ukrainako ekialdea txikitu du. Irudian, Kramatorsk hiriko eraikin bat. STRINGER / EFE

Adrian Garcia -

2014ko uztailak 6
Ia hiru hilabeteko borroken ondoren, matxinoek Sloviansk hiria utzi dute. Ezin izan diote aurre egin Kieven erasoaldiari. Ostiral gauean hiria bonbardatu ostean sartu ziren armadako tankeak eta infanteria. Kalez kale borrokatu ostean, hiria utzi zuten matxinoek, armadaren nagusitasunaz jabeturik. «Ukrainako zigor tropek eskala handiko erasoaldiari ekin diote. Askoz gehiago ziren. Neurriz kanpoko desberdintasun hori ikusirik, frontearen aurreko posiziora itzultzera behartu dituzte Donetskeko Herri Errepublikaren armadaren unitateak», azaldu du Aleksandr Borodai Donetskeko matxinoen buruzagiak. Apiriletik igota zegoen Errusiako bandera kendu, eta Ukrainakoa jarri dute soldaduek.

Garaipen militar garrantzitsua da Kieventzat, ekialdean kontrola berrezartzeko urrats handia. Ukrainako Parlamentuko presidente Oleksandr Turtxinoven hitzetan, armadak abiatutako operazioaren «momentu erabakigarrian» daude.

Sinbolikoki ere esanahi handikoa da. Sloviansk matxinoen gotorlekua izan da gatazka piztu zenetik; armak hartu eta mendean hartu zuten lehen hiria da. Ordutik, hirian borrokaldiak izan dira etengabe. Ekainaren 20etik uztailaren 1era arteko su-etenean ere izan ziren borrokak. Aste hauetan hiria inguratu du Ukrainako armadak. Herenegun hartu zuten Nikolaievka, hiria hornitzeko matxinoek kontrolatzen zuten azken pasabidea.

Errusiazaleen buru Borodaik esan du Kramatorskera egin dutela ihes, Sloviansketik hamabost bat kilometrora. Arsen Avakov Ukrainako Barne ministroaren esanetan, ihesaldian matxinoak inguratu dituzte. «Horietako asko hil dira». Errusiazaleek tanke bat eta beste auto blindatu bat galdu dute. Ukrainako hedabideek aipatutako lekukoen arabera, ordea, 50 bat auto blindatu eta matxinoen «indar ia guztiak» iritsi dira Kramatorskera. Reuters albiste agentziak aipatutako lekukoen aburuz, matxinoek hiria utzi dute, Kieven airez erasoen beldur, eta Donetsken hartu dute babesa. «Erretiratze taktikoa» dela diote.

130.000 biztanle zituen Slovianskek borrokak hasi aurretik. 45.000 inguru bizi dira egun. Igor Strelkov izan da hiri horretako errusiazale militanteen buruzagia.

Slovianskeko matxinoek ez dute beti harreman erraza izan Donestk eskualdeko buruzagiekin. Hiriko matxinoen burua kargutik kendu eta atxilotu zuten orain hilabete, «jauntxokeriagatik». Ordutik gidatzen du hiria Strelkov Donetskeko matxinoen Defentsa ministroak. Ostiralean, Errusiari laguntza eskatu zion Strelkovek, bi hilabete hauetan atxikitako eremua Kieven esku gera ez zedin. «Sloviansk gainontzekoak baino lehenago eroriko da», iragarri zuen ostiralean haren webgunean.

Denis Puxilin matxinoen buruzagiak Errusiako presidente Vladimir Putin kritikatu du, Ukrainako ekialdera tropak ez bidaltzeagatik. «Oso politak izan ziren Errusiako herriari buruzko Putinen hitzak. Gero bazterrean utzi gaitu», adierazi du Twitter bidez.

Atzo amaitu zen Ukrainak eta Errusiak nazioartearen bitartekaritzarekin adostutako elkarrizketak egiteko epea. Kontaktu Taldeak atzo zen elkartzekoa, bi aldeen arteko su-etena negoziatzeko. Edizio hau ixterako, baina, ez zuten bilera horren inguruko berririk zabaldu. Ukrainako Gobernuaren, Errusiaren, matxinoen eta ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko ordezkariek osatzen dute taldea.

Andrei Purgin errusiazaleen buruzagietako baten ustetan, elkarrizketak egiteko aukera ez da guztiz zapuztu. «Gatazka konpontzeko elkarrizketak egiteko aukera badago oraindik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna