Netanyahuk «lehenbailehen» aurreratuko ditu hauteskundeak

Koalizioko desadostasunek bultzatuta, Lapid eta Livni kargutik kendu eta legebiltzarra desegingo du Israelgo lehen ministroak.
Polizia hedatu da Hebronen, Zisjordanian, Israelgo Gobernuaren desegonkortasuna dela eta.
Polizia hedatu da Hebronen, Zisjordanian, Israelgo Gobernuaren desegonkortasuna dela eta. AL HASHLAMOUN / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abenduak 3
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren koalizio gobernuak ez du asko iraun. Hogei hilabete, hain justu. Gobernu krisia errotik konpontzea erabaki du lehen ministroak. Yair Lapid Finantza ministroa eta Tzipi Livni Justiziakoa kargugabetu ditu, eta parlamentua «lehenbailehen» desegiteko eskatu du, bozak aurreratzeko. «Azken asteetan, eta, batez ere, azken 24 orduetan, Lapid eta Livni ministroek gogor eraso diote nik zuzentzen dudan gobernuari. Ez dut onartuko oposizio gehiago nire gobernuan», azaldu du lehen ministroak zuzeneko emanaldi batean. Knesset (parlamentua) aste honetan desegitekotan, martxoaren erdialdean egingo lirateke bozak. Berez, bi urte barru ziren egitekoak. Netanyahuk, baina, nahiago izan du aurreratzea, «Israel gidatzeko mandatu argi bat» jasotzeko.

Urteko aurrekontuak, Lapiden etxebizitzaren gaineko zergak murrizteko proposamena, baina, batez ere, Israel legez «judu herriaren nazioa» deklaratzeko Netanyahuren asmoak hautsi du gobernua. Gobernuko kide moderatuagoek ez ezik, Israelgo fiskal nagusiak eta nazioarteak ere gaitzetsi dute herrialdeko gutxiengoak legez baztertzeko asmoa. Hainbat analistak diotenez, Jerusalemen hainbat palestinarrek egindako erasoen ondotik eskuin muturra baretzeko beharra du Netanyahuk. Helburu berarekin abiatu izango lituzke berriro palestinar susmagarrien etxeak eraisteko politikak eta lurralde okupatuetako koloniak hedatzeko proiektuak.

«Gobernu paranoikoa»

Hatenua alderdiko buru Livnik beharrezkoa ikusten du «gobernu erradikala, probokatzailea eta paranoikoa» ordezkatzea. «Horrela ezinezkoa da herrialdea gobernatzea», adierazi zuen Justizia ministroak kargugabetu aurretik.

Netanyahu eta Lapiden arteko azken liskarra herenegun izan zen. Orduan eman zuen ultimatuma lehen ministroak, lehendik ere hauskorra zen koalizioa guztiz apurtu duena. Gobernuaren aurkako erasoak bertan behera uzteko eskatu zion Netanyahuk, bereziki Jerusalemen eraikitzeko proiektuen eta AEBekiko harremanen ingurukoak. Gainera, Defentsa Ministerioari diru gehiago emateko eta Israel estatu judua izendatzeko legea babesteko eskatu zion; eta, azkenik, haren etxebizitzaren zerga murrizketen proposamenaz ahazteko.

«Lehen ministroak erabaki du alferrikakoak diren hauteskundeetara eramatea», azaldu du Lapidek. «Bilera iruzur bat izan da. Netanyahuk aldez aurretik zuen hartua erabakia».

Yesh Atid eta Hatenua alderdiko parlamentarien babesik gabe, Netanyahuren Likud alderdiak gehiengoa galduko luke parlamentuan. Gobernu koalizioak 120 eserlekuetatik 68 ditu egun. Baina, Lapidek zuzentzen duen Yesh Atid alderdiaren hemeretzi eta Hatenuako sei parlamentaririk gabe, gehiengo osoa galduko luke. Lapidek Netanyahuri leporatu dio alderdi ultraortodoxoen babesa lortu nahi izatea gehiengo osoa eskuratu eta hurrengo urteko aurrekontua onartzeko. Haatik, Shas alderdi ultraortodoxoko buruzagi Arie Derik adierazi du ez dagoela akordiorik egiteko prest hauteskundeak aurreratu ezean.

Netanyahuk, bestalde, Lapidi egotzi dio boteretik kanporatzen saiatzea. Haren esanetan, «arduragabeki» eraso dio, eta hauteskundeetara deitu gabe beste alderdiekin koalizio alternatibo bat osatzen saiatu da.

Gazaren aurkako erasoaren aurretik ere handiak ziren koalizio barruko desadostasunak. Desberdintasun ideologikoetatik harago, koalizio kideen arteko etsaitasunak eta konfiantza faltak higatuta hautsi da gobernua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna