Patxi Lopez PSOEko idazkari nagusi izateko primarioetara aurkeztuko da

Maiatzean aukeratuko dute Espainiako alderdi sozialistaren presidentegaia, eta ekainaren 17an eta 18an izango da kongresua. EAEko lehendakari ohiak gaur emango ditu aurkezteko arrazoiak

Mikel Torres, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares, Batzorde Federalera sartu aurretik, atzo, Madrilen. CHEMA MOYA / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Patxi Lopez isilik egon da aspaldian, sektore ofizialetik eta kritikotik urrun. Esana zuen PSOEko primarioetara aurkeztuko zela, baldin eta Pedro Sanchez idazkari nagusi ohiak aukera hori baztertzen bazuen. Lopezen ustez, sektore kritikoa ahulduko luke bere lerroetatik bi hautagai aterako balira, eta horrek mesede egingo lioke Susana Diaz sektore ofizialeko ordezkariari. Gaur aurkeztuko du bere hautagaitza sozialisten idazkari nagusi izateko, eta zergatien azalpenak ere emango ditu, baina Pedro Sanchezek oraindik ez du argitu aurkeztuko den, eta Susana Diezek ere ez; inor gutxik jartzen du zalantzan, ordea, Andaluziako presidentearen hautagaitza.

Ehun egun igaro dira Sanchezidazkari nagusi ohia dimisioa ematera behartu eta alderdiak aspaldian arrastaka zekarren krisia piztu zenetik. Sanchezen aldean jarri zen orduan Lopez, Mariano Rajoy presidentearen inbestidurari ezezkoa eman behar zitzaiola uste zutenen taldean, eta PPren gobernua bermatzeko abstentzioaren kontra bozkatu zuen Batzorde Federal hartan, nahiz eta gero abstenitu egin zen, Rajoyren inbestidura saioan, alderdiak ezartzen duen diziplinari jarraituz. Harrezkero, ordea, banaketa egon da Sanchezek gidatzen duen sektore kritikoko ordezkarien artean: krisia pizterakoan haren hautagaitzaren alde egiten zutenetako asko orain urrundu egin dira, haren garaia bukatu dela uste dutelako. Iritzi horretakoak dira Patxi Lopez eta hura babesten duten taldea.

EAEko lehendakari ohia beste kiniela batzuetan ere egon izan da aurreko primarioetan, Alfredo Perez Rubalcabaren ordezkoa izateko. Perez Rubalcabaren besoetakoa zen, baina, 2014ko Europako Hauteskundeetan izan zuten porrotaren ondoren, ez aurkeztea erabaki zuen. Gainera, Eduardo Madina aurkeztu zen, eta ez zuen haren kontra lehiatu nahi izan.

Gauzak nola diren, Susana Diazek Andaluziako makineria guztia Sanchezen alde jarri zuen orduan, baina 2015eko abenduaren 20ko hauteskundeen ostean, Podemosekin gobernatzeko aukeraren alde jarri zen Sanchez, eta behar izanez gero nazionalistekin negoziatzearen alde. Diazek, ordea, Podemosekin ez zuen ezer jakin nahi, zer esanik ez independentistekin, eta, iazko ekainaren 26ko hauteskundeen ostean, aurrekoetan baino emaitza okerragoak eskuan, PPren gobernua bideratzea zen, haren ustez, aukera txar guztien artean onena, berak esanda, Espainiaren interesak lehenesteko.

Orain, berriz, alderdiari ez zaio komeni Diazen eta Sanchezen arteko lehia bat etorkizunari begira, banaketa eragin duen gerra berriz gertatzeko arriskua legokeelako, eta batasuna erakutsi behar dio gizarteari, proiektu sendoa duela sinetsarazi nahi badio —proiektuaz ere gogoeta sakona egiteko daukate—. Lopezekin, sozialisten arteko gerra lausotua gera daiteke, baina beste kontu bat izango da bi aldeen borroka gainditzeko eta batasuna bermatzeko alternatiba izango den.

Primarioak, maiatzean

Pedro Sanchezek dimititu eta batzorde kudeatzaileak gidaritza behin-behinean hartu arren, sozialistak labirintotik atera ezinik daude. Itxuraz ez da ezer aldatu, baina dena dago pil-pilean, tentsioa eta mesfidantza handituz baitoaz denborak aurrera egin ahala. Denbora da, hain justu, sozialisten bi aldeen artean liskarra eragin duen beste gaietako bat. Sanchezen aldekoek primarioak eta kongresua lehenbailehen nahi lituzkete, baina batzorde kudeatzaileak ez dauka presarik. Azkenean, atzoko batzorde federalean onartu zuten talde kudeatzaileak proposatutakoa: maiatzean aukeratuko dute militanteek idazkari nagusia primarioetan —ez dute egun jakinik jarri—, eta ekainaren 17an eta 18an onartuko dituzte, kongresuan, ponentziak eta alderdiaren zuzendaritza.

Atzo, datak zehazteaz gain, alderdiaren egoeraz ere mintzatu zen Javier Fernandez talde kudeatzaileko presidentea, sozialisten banaketa sakona ezkutatu gabe jardun ere. Baina, Fernandezen ustez, jarrera kontu bat ere bada gertatzen ari dena, eta esplizituki aurpegiratu die Sanchezen alde jarritakoei beren jokaera, alderdiak erabakitakoaren kontra egin zutelako. Orain, eskatu die «errespetua alderdiari eta prozedurari»,batez ere primarioei eta alderdiak hartu beharko dituen erabakiei begira.

Lurraldetasuna

Bere diskurtsoaren zati handi bat hartu du hirugarren hauteskundeak saihesteko Rajoyren inbestiduran abstenitzeko hartu zuten erabakiak. Espainiaren alde jokatu zutela berretsi du, PSOEren barruan dagoen krisia lidergoari lotuta egoteaz gain, lurraldetasunak ere bai baitu zerikusia, eta Fernandezek propio atera du gaia. 2013ko Granadako Deklarazioan hitzartu zuten eredu federal bat garatzeko konpromisoa, eta, printzipioz, denek onartzen dute, baina Fernandezi kezka sortzen dio beste urrats bat egin nahi izateak: «Oraindik entzuten dut zerbait nazioen nazioaz, plurinazionaltasunaz, eta nazionalistekiko akordioez». Eta ohartarazi du: «Hor ez dago eztabaidarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.