Trumpen beste mehatxu bat

AEBetako presidenteak ez du baztertzen Venezuelari militarki erasotzea. Caracasek leporatu dio Latinoamerika gatazkara eraman nahi duela. Mercosurrek indarraren erabilera arbuiatu du

Donald Trump AEBetako presidentea, joan den hilaren 1ean Etxe Zurian egindako agerraldi batean. SHAWN THEW / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpainan adierazten zuenagatik, atzerri politikari zegokionez Donald Trumpek ez zeukan intentziorik interbentzionistegia izateko. Baina AEBetako presidentea da orain, eta bihurtu da, beraz, munduaren zaindaria. Eta Etxe Zuriko maizterrak mehatxuka jarduten du zeregin horretan. Aste honetan elkarri mokoka aritu dira, nor baino nor bulartsuago, western bateko protagonistak balira bezala, bera eta Kim Jong-un Ipar Koreako liderra, eta gerrarako prest daudela iragarri dute. Azken hilabeteetan, Venezuela ere badu jopuntuan Trumpek, eta, atzo goizaldean, bere oporlekuan zegoela, mehatxatu egin zuen: «Aukera asko dauzkagu Venezuelarako; balizko aukera militar bat barne, beharrezkoa baldin bada». Pentagonoak jakinarazi du ez duela agindurik jaso.

Delcy Rodriguez Venezuelako Batzar Konstituziogileko presidentearentzat, «mehatxu zitalak» besterik ez dira Trumpen hitzak, eta Jorge Arreaza Venezuelako kantzilerrak AEBetako presidenteari leporatu dio «gatazka batera» eraman nahi duela Latinoamerika. Mercosur Hegoaldeko Merkatu Komunak Trumpek iradokitako indar erabilera arbuiatu du —Argentinak, Brasilek, Uruguaik, Paraguaik eta Boliviak osatzen dute, eta joan den astean Venezuela erakundetik kanpo uztea erabaki zuen—, eta elkarrizketaren aldeko apustua egin. Reuters berri agentziaren arabera, gainera, Latinoamerikako hainbat estatuk Trumpi batera erantzuteko saiakera hauspotzen ari da Peru.

Lurrikara diplomatikoa eragin du AEBetako presidentearen azken ateraldiak, eta Alderdi Errepublikanoan bertan ere harrituta daude, nahiz eta Etxe Zuriak adierazi hitz horiek, Ipar Korearen aurkakoak bezala, diskurtsoa adostu ondoren ahoratutakoak direla.

Dena dela, igaro dira bizpahiru hilabete AEBak Venezuela diplomatikoki estu hartzen hasi zirenetik. Joan den uztailaren 30ean Konstituziogilerako hauteskundeak egin eta gero, Washingtonek erabaki zuen Nicolas Maduro Venezuelako presidentea eta bi dozena pasa funtzionario ekonomiko zigortzea, eta beste pauso bat eman zuen presioan, Madurori «diktadore» deituz. Presidenteak, bien bitartean, «berdintasun baldintzetan» mintzatu nahi du Trumpekin. «Venezuelan hainbesteko interesa badu... Donald Trump jauna, hemen dago nire eskua», adierazi zuen Madurok duela hiru egun. Etxe Zuriko maizterrarekin telefonoz hitz egitea proposatu zuen, hortaz, baina Trumpek, «Venezuelan demokrazia berrezarri» ezean, uko egingo dio gonbidapenari.

Bien bitartean, Vladimir Padrino Lopez Venezuelako Defentsa ministroak iragarri zuen atzo goizaldean, atxilotu dituztela joan den igandean Paramacayko base militarrari erasotzen ahalegindu ziren armadako kide ohiak. Konstituziogileak, berriz, lanean jarraitzen du, eta proposatu du urrira aurreratzea abenduaren 10erako deituta zeuden eskualdeko hauteskundeak. Oposizioa erehorietan parte hartzekoa da.

Venezuelari buruzkoak bere oporlekuko klubean (Bedminster, New Jersey) emandako prentsaurrekoan bota zituen Trumpek. Berez, baina, Ipar Koreaz aritzekoa zen. Izan ere, misilen programa garatzen jarraitzen duelako joan den asteburuan NBE Nazio Batuen Erakundeak Ipar Korea zigortzea erabaki zuenetik, gerra dialektiko batean murgildu dira Piongiang eta Trump. Aurrenekoak zera esan zuten astelehenean: «Ohartarazi bezala, ekintza erabakigarri eta bidezko bat egingo dugu [AEBen kontra]». Trumpek erantzun zuen «munduan inoiz ikusi gabeko amorruarekin eta suarekin» erreakzionatuko dutela AEBek. Piongiangen iragarpena: Guam AEBen menpe dagoen Ozeano Bareko uharteari erasoko diola hilaren erdialdean. Etxe Zuriko maizterrak:«Hori eginez gero, benetan damutuko zarete».Xi Jinpiang Txinako presidenteak, bien bitartean, «lasaitasuna» eskatu dio Trumpi, eta Ipar Koreak jakinarazi du 3,5 milioi boluntariok armadan izena eman dutela AEBen kontra borrokatzeko.

Arraza istiluak AEBetan

Eskuina batu lelopean, manifestazioa egin zuen atzo supremazista zurien talde batek Charlottesvillen (Virginia, AEB), udalakAEBetako gerra zibileko armada konfederatuko kide baten estatua bat kendu nahi duelako. Kontramanifestaziora ere deitu zuten, eta istiluak izan ziren bi aldeen artean. Auto batek, gainera, kontramanifestari batzuk harrapatu zituen nahita. Pertsona bat hil zuen, eta hainbat larri zaurituta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.