51 egun geroago, «hondoa jota»

Zaldibarko zabortegian desagertutako Joaquin Beltranen sendiak adierazi du hobekuntzak egin dituztela bi langileak bilatzeko lanetan, baina «lotsagarritzat» jo ditu orain arteko hainbat jardun

Apirilaren 6an bi hilabete beteko dira zabortegian lur jausia gertatu zenetik. JON URBE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Ostiralean 50 egun bete zituen Joaquin Beltranen eta Alberto Sololuzeren hutsuneak. Verter Recycling enpresak Zaldibarren (Bizkaia) zuen zabortegian lanean ari ziren otsailaren 6an, milaka tona hondakin gainera etorri zitzaizkienean. Haien arrastorik ez da ordutik, besteak beste, bilaketa lanetan deskoordinazioa nagusitu delako, Beltranen sendiak salatu izan duenez. Orain, hedabideetako oihartzunetik aldendu nahi du familiak, baina bertako iturriek BERRIAri aitortu diote «hondoa jota» daudela: «Hasieran bagenuen konfiantza eta itxaropena, baina denborarekin ikusi dugu ez direla gorpuak agertu, eta, gainera, ez dela egin horretarako egin behar zen guztia. Orain haserre gaude, eta nekatuta».

Koronabirusak eragindako larrialdiak bigarren lerroan utzi du Zaldibarko krisia, baina zabortegiko martxa antzekoa izan da azken asteetan: lurra egonkortzeko lanak eta bi langileen hilotzak topatzekoak uztartzen ari dira. Aste honetan lan txanda gehiago ezarri dituzte: «Lanordu gehiago eta begi behiago egongo dira han». Urrats hori txalotu dute senideek: «Ondo egindakoak onartzen ditugu. Baina hainbat gauza ondo egiten ari dira orain, guk hedabideetan egindako salaketen ondorioz».

Izan ere, martxo hasieran ohar gogorra plazatu zuen Beltranen familiak: lanetako deskoordinazioa agerian jarri zuen, eta baliabide nahikorik ez zegoela salatu. Ondo ezagutzen dute ingurua: Joaquin zenaren bi anaia ere zabortegian aritzen ziren, eta egunero joaten dira bertara, lanei erreparatzera. Izatez, lur jausiaren osteko lehen egunetan, haietako bat aritu zen beharginen makinetarako gasolio bila: «Ez zuten logistika nahikoa antolatu, eta, gasolio gabe geratzen zirenean, Txiskok eramaten zien». Moyua Construcciones enpresa ari da obrak kudeatzen; «negozioa egitea» egotzi dio sendiak: «Lan horiek eman dizkiote ustez enpresa eraginkorra delako, baina ez du halakorik frogatu. Langileak inolako trebakuntzarik gabe eraman ditu hara: ohituta daude hirietan lan egitera, baina ez mendian».

Hasierako huts haietako batzuk zuzendu direla uste dute, dena den: «Baskularen inguruan bilatzen ari dira, gorpuak egoteko aukera gehien dagoen eremuan. Halere, hor ez dago pilatze zonarik, hau da, ez daukate lekurik hortik mugitzen dituzten hondakinak hartzeko eta aztertzeko. Pilatze zona hori Aste Santuaren osterako izan behar dute prest, eta ordura arte oso motel arituko dira». Beste aldaketa bat ere izan da lanetan: ertzainek hurbilagotik gainbegiratuko dituzte mugitzen diren hondakinak. «Orain arte beren autoaren barruan egon dira, 40 metrotara, lanak grabatzen; lotsagarria da hori. Hainbeste denboraren ostean, ez dakigu gorpuak osorik edo zatituta agertuko diren, eta hortik ateratzen duten materiala aztertzeko ber-bertan egon behar da, ez 40 metrotara. Gerta zitekeen arrastoren bat agertzea eta ez ikustea».

Urkullurekin minduta

Beltran eta Sololuze agertu arte lanak martxan segitzea espero dute. «Jaurlaritzak konpromisoa hartua du gorpuak topatu arte bila jarraitzeko. Kontziente gara egoeraren konplexuaz, baina gutxienez hilotzak egon daitezkeen lau zona horiek ondo miatu ditzatela». Dena den, ez daude pozik gobernuaren jarrerarekin; Iñigo Urkullu lehendakariarekin «dezepzio handia» hartu zuten hil erdialdera izandako bilera batean: Beltranen enpresari leporatu zion lur jausiaren ardura, sendiaren arabera. «Iraingarria da: nola gerta daiteke maila horretako arduradun politiko batek hildakoari botatzea gertatutakoaren errua bere senideen muturrean? Joaquin zabor azpian geratu da bere lankideak hortik ateratzen saiatzeagatik: ia denak atera zituen, eta konturatu zenean Alberto baskulan zegoela, hura ere ateratzen saiatu zen».

Hilen memoria gorde nahi du orain familiak. Apirilaren 6ra begira, bi langileak falta direla gogoratzeko ekinbide bat bultzatu nahi dute balkoietan. «Kexatzeko indarrik ere ez dugu. Bakea behar dugu, atseden hartu: ager daitezela gorpuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.