Katalunia

Korapiloa, atzerako kontuan

Parlamentua osatzeko hiru egunen faltan, Puigdemontek berretsi du inbestidurarako hautagai dela. ERCk «errealismoz» jokatzeko eskatu du; CUPek, berriz, «ekintza politikoa» ez baldintzatzeko

Puigdemont bideokoferentzian, atzo, PDeCATen Kontseilu Nazionalean. Eskuinean, Artur Mas txaloka. QUIQUE GARCIA / EFE.
mikel rodriguez
2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Kataluniako hiru alderdi independentistek kontseilu eta idazkaritza nazionalak elkartu zituzten atzo, aste erabakigarri bati nola aurre egin eztabaidatzeko. Carles Puigdemontek presidente izateko hautagai dela berretsi zuen PDeCATen Kontseilu Nazionalean —Bruselatik bideokonferentzia bidez parte hartu zuen—, baina ERCk eta CUPek presioa handitu diote, ez baitu argitu zein estrategia erabiliko duen kargua hartu ahal izateko. «Pauso solidoak, sendoak eta argiak eman behar ditugu, erakutsiko dutenak herrialdea eraikitzen jarraitu nahi dugula errealismoz, eta independentismoaren mugan aliantzak aztertu beharko ditugu hazten jarraitu eta egunez egun azkartzeko», adierazi zuen Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak. CUPek mezu zuzenagoa eman zion Puigdemonti, Nuria Gibert idazkaritza nazionaleko bozeramailearen ahotik: «Bizi garen garai politikoarekiko ardura erakutsi behar dute, eta ez lukete inoiz baldintzatu behar ekintza politikoa eta errepublikaren garapena errepresioaren aurkako ekintza estrategikoekin».

PDeCATen Kontseilu Nazionala Bartzelonan elkartu zen atzo. Hiru egun bertzerik ez da falta Kataluniako Parlamentua osatzeko, baina JXC Junts Per Catalunya zerrendarekin hauteskundeetan indar independentista nagusia izan den alderdiak zalantzak argitu gabe jarraitu du. Puigdemontek bere hautagaitza defendatu zuen, eta Espainiako Gobernuaren jarrera salatu. «Lehenbiziko mugarria parlamentuaren osaketa eta inbestidura gainditzea da. Mugarri horrek ahalbidetuko digu hautetsontzietatik ateratako mandatuetako bat betetzea, eta hori da bidegabeki, gehiegikeriarekin eta, uste dut, legez kanpo desegin zutena berrezartzea».

Artur Masek ere hitza hartu zuen kontseiluan. Iragan asteartean jakinarazi zuen PDeCATen presidentetza utziko zuela, eta agurra ofizial egin zuen atzo. «Convergenciarik onena Junts Per Catalunyaren loraldiarekin batzen jakin behar dugu». Bartzelonako auzitegi batek bihar ematekoa du Palau auziaren epaia, eta erabakiko du Convergencia alderdia ustelkeria kasu horretan errudun den ala ez. Mas alderdiaren buruzagi zenean gertatutako ekintzak dira ikertutakoak, baina Kataluniako presidente ohiak asteartean erran zuen dimisioa emateko arrazoien artean ez dagoela Palau auzia, ez baitago salaketarik Masen aurka.

Inbestidurari buruz argibiderik eman ez bazuten ere, Puigdemont eta ERC bat etorri ziren lehentasuntzat dutela Kataluniako instituzioen kontrola berreskuratzea. «Parlamentua eta mahaia osatzea ezinbertzeko lehentasuna da hautetsontzietako garaipena ez galtzeko», erran zuen Rovirak. Hain zuzen, CUPek JXCri eta ERCri eskaini die koalizio antikapitalistako diputatu bat mahaiko kide izendatzea, «gehiengo errepublikanoa» bermatzeko. Hiru baldintza paratu dizkie: mahaiak ez egitea «lan autonomikorik», urriaren 1eko erreferendumean Espainiako indar armatuek erabilitako indarkeria ikertzea, eta bertze ikerketa bat egitea «errepublikak ahalbidetu ditzakeen subiranotasunei, errealitate materialei eta aldaketei buruz».

Comukoen bilkura

Catalunya En Comuk ere koordinakunde nazionala elkartu zuen atzo, eta alderdi independentistei eskatu zien ez aurkezteko hautagaitzat Puigdemont erbestetik. «Ezin dugu legegintzaldia hasi salbuespen demokratiko batekin berriz ere», adierazi zuen Elisenda Alamany bozeramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.