23 de Eneroren dolu luzea

Venezuelako prozesu sozialistarekin batera hazi eta loratu dira auzo behartsuetako herri mugimenduak; herritar asko hari esker jabetu dira euren ahotsaz.
Caracasko 23 de Enero auzo mitikoan babes handia zuen Hugo Chavez zenak.
Caracasko 23 de Enero auzo mitikoan babes handia zuen Hugo Chavez zenak. MIGUEL GUTIERREZ / EFE

Samara Velte -

2014ko urriak 19
Caracasko 23 de Enero auzo mitikoa doluan dago oraindik Hugo Chavezen heriotzagatik. Asko zor dio haren gobernuari. «Baina lortutakoa ederki ordaindu dugu», dio Guadalupe Rodriguezek. Caracasko 23 de Enero auzo mitikoko herri ekinbide nagusiak eramaten dituen Simon Bolivar koordinakundeko kidea da, eta 25 urte baino gehiago daramatza auzoaren alde lanean. Euskal Herrian egon da azken hilabetean. «23 de Enero beti izan da auzune borrokalaria. Hondoa jotako inperialismo baten produktua gara». Orain, prozesu nazionalari eusten dioten zutabeetako bat bihurtu da.

1980ko urteetara arte, hiriko biztanle behartsuenentzako giza inurritegi bat zen 23 de Enero: etxebizitza bloke erraldoietatik lanera eta lanetik etxera ibiltzen ziren lanbide bat zeukatenak. Gainerakoek lapurretan topatzen zuten bizibidea, edo droga merkeetan ihesa. Garai hartan sortu zen Simon Bolivar koordinakundea. Kide gehienak preso egondakoak ziren: «60ko eta 70eko borroka armatu guztiak igaro ziren gure auzotik, eta gogor zapaltzen zituzten». Ongizatea eta aisialdia gauza ezezagunak ziren auzokideentzat: «Kultura eta kirola sustatzen hasi ginen; hain oinarrizkoak eta hain beharrezkoak diren gauza horiek». Espazioak hartu zen euren leloa. Ez soilik fisikoa: áGarai hartan hasi ginen ohartzen herri komunikabide bat behar genuela. 23 de Eneron zapalketa izugarria zegoen. Lan asko egiten genuen eta proiektu interesgarriak sortzen genituen, baina hori ez zen sekula hedabide pribatuetan islatzen: norbaiti labankadak eman zizkiotenean bakarrik etortzen ziren, edo norbait drogekin harrapatzen zutenean. Ez zuten erakusten jendea antolatuta zegoela eta lan egiten zuela, eta kalera ateratzen ginela protesta egitera».

Chavez agintera heldu zenean, administrazioaren babesa jaso zuten Simon Bolivar koordinakundearen gisako mugimenduek. 2005ean Poliziaren egoitza bat okupatu zuten: «Ustelkeriaren eta zapalkuntzaren sinbolo izandako espazio hura humanizatu genuen», ekarri du gogora Rodriguezek. Orain, auzoaren arnasgune nagusia da. Han du egoitza Simon Bolivar koordinakundearen Al son del 23 (23aren doinura) irratiak. «Guretzat, ezinbestekoa da komunikabide bat edukitzea. Irratia defentsa da: prozesua babestu eta askatuko gaituen arma». Izan ere, Venezuelako hedabide handi gehienak pribatuak eta eskuindarrak dira.

Administrazioak ere erabili du toki hori hainbat neurri indarrean jartzeko; besteak beste, Kubarekin sinatutako itun batetik sortutako hezkuntza misioak. «Lehen, gure auzoko askok ez zekiten irakurtzen eta idazten, eta misio horiek ilunpetik atera zituzten. Oso ederra zen ikasgelak beteta ikustea; han egoten ziren ile urdindun amonatxoak, egunero-egunero ikastera joaten zirenak leziorik ez galtzearren». Misio nobleena baina zailena ere izan zela aitortu du: «Jendeari lotsa ematen zion onartzeak ez zekiela idazten. Horregatik, kanpaina handia egin genuen megafonoekin, atez ate informazio orriak banatzen... eta horrela arrantzatu genituen».

Aurrera nola jarraitu

Chavezen arrastoa bereziki nabarmena da 23 de Eneroren gisako auzoetan. «Oinez zoazela, bazter guztietan ikusten dituzu prozesuaren aztarnak. Espaloi bat konpontzen digutenean, badakigu petrolioaren errentatik datorrela. Parkeak eta plazak ditugu, eta haien bidez igartzen dugu petrolioa iristen zaigula. Europako prentsak ezetz dio, ez zaigula ezer ailegatzen, baina guretzat oso ukigarria da petrolioa—.

Eskuinaren mehatxua aipatu du. «Botere lehia bat dago, funtsean: beraiek ez dute onartu petrolioaren gaineko agintea galdu dutela. Baina guk gure borroka soziala daukagu; Chavez iritsi baino lehenago hasi zen, eta haren ostean ere jarraituko du». Urte eta erdi pasatxo igaro da Venezuelako presidentea zena hil zenetik, eta, tarte horretan, hainbat protesta egin ditu oposizioak. «Chavez aginte politikora heldu zenetik, etengabeko mehatxua izan da eskuina. Kontuan izan Venezuelako prozesua baketsua izan dela: PSUVek agintea hartu zuenean, mundu guztiak eskatzen zion eskuindar haiei burua mozteko, urteetan lapurretan egin eta pobrezia iraunarazi zuten traidore haiei. Baina Chavezek ez zuen ezer egin, eta horrek bere ordaina izan du: beraiek eman zioten estatu kolpea».

Presidentea zena hil ostean, oposizioak aukera baliatu du gobernuari balantza eginarazten diola irudikatzeko. «Beraiek krisia deitzen diote; nik jipoia esaten dut. Bat-batean, oinarrizko produktu guztiak desagertu ziren: komuneko papera, xanpua, irina». Ekoizleak enpresa pribatuak izan ohi dira: «Beraiek diote gobernuak ez dizkiela dolarrak ematen [produktuak ekoitzi eta negozioak egiteko], baina Coca Cola ez da sekula desagertzen. Aldiro errepikatzen den gerra ekonomikoaren parte da hori».

Robert Serra PSUVeko diputatuaren hilketa ere gerra horren barruan ote dagoen galdetuta, kopetilun jarri da Rodriguez. Urriaren 2an tirokatu zituzten Serra eta haren bikotekidea; bertsio ofizialaren arabera, ordaindutako hiltzaileek. «Ezetz pentsatu nahi nuke, baina hura baino lehenago badira beraiek nahastuta dauden beste hainbat hilketa». Azken hilabeteotako hainbat gertakari zerrendatu ditu: «Nicolas Madurok irabazi osteko hauteskundeetan, bederatzi lagun hil ziren. Eta Kolonbiatik ere deportatu berri dituzte bi gazte venezuelar, han konspirazioetan zebiltzala. Hor lotura asko daude, eta ez soilik Kolonbian; baita Miamin ere».

Prozesua ez du arriskuan ikusten, baina zailtasunez jabetzen da. «Ez gara iraultza ederra bizitzen ari; hori esatea gezurra litzateke. Aldaketa prozesu betean gaude, eta horrek ez dauka errezetarik, baina oso interesgarria da». Besteak beste, kontuak garbitzeko prozesu sakona falta dela uste du, zigorgabetasunarekin amaitzeko: «Henrique Caprilesek [oposizioko buruak] espetxean behar luke, herrialdean indarkeria eta hildakoak eragin dituelako. Baina kartzelara bidaltzen badugu, diktadura bat dela esaten dute. Baina etxea jaso egin behar da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna