Morales, 2019rako baimen eske

2006an Boliviako presidente hautatu zutenetik beste bi aldiz berritu du agintaldia Evo Moralesek.Berriz ere aurkeztu ahal izateko konstituzioa moldatu beharra du

Evo Moralesen jarraitzaileak, aste honetan egindako mitin batean, La Pazen. MARTIN ALIPAZ / EFE.
Joanes Etxebarria.
La Paz
2016ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Plan «patriotikoa» gauzatu ahal izateko agintaldi berri bat nahi du Evo Moralesek. Gaurko erreferendumarekin, aurkeztu ahal izateko baimena eskatzen die herritarrei. «Nahi al duzu Konstituzioko 168. artikulua aldatua izan dadin: bai ala ez?» galderari erantzunen diote Boliviako bederatzi departamentuetan. Haren gobernuak 2025. urteari begira plangintzatu duena defendatu du bereziki Moralesek, eta ustelkeria eta influentzia trafikoa salatu dituzte haren aurkariek.

Erretiratuek La Paz hiriburu administratiboaren zentroa blokeatu zuten asteazkenean. Diru laguntza gehigarria eskatzeko beste protesta batzuk ere egin dira azken egunetan, eta bihar arte Bolivia osoa paralizatuta egongo da. Garraio publikoek ez dute zerbitzurik eskaintzen atzo eguerditik, merkatuak itxita daude, eta alkohola edateko debekua ere aipu da. Bozkalekuak goizeko zortzietatik irekiak izanen dira arratsaldeko laurak arte. Emaitza zoinahi izanik ere, bihar itzuliko da Bolivia normaltasunera.

Giroa berotu da kanpainako azken asteetan. Konstituzioa aldatzearen kontrakoek mediatikoki eraso egin diote presidenteari, abokatua den bere bikotekide ohi bat enpresa txinatar batekin lanean ari delako, influentzia trafikoa salatuz. Carlos Valverde kazetariak plazaratu zuen lehen salaketa hedabideetan, eta aste honetan segida eman diote. Enpresa txinatarrak milioika dolarreko kontratuak sinatu izan ditu gobernuarekin, eta salaketa erreferendumetik denbora gutxira atera zuten. Gobernuak presidentearen defentsa hartu eta kazetaria auzibidean ezarri zuen. Azkenean, afera trenkatu gabea da gaur, baina eragina ukan lezake emaitzan.

Moralesek, berriz, baiezkoaren aldeko kanpaina joan den asteazkenean amaitu zuen La Paz hirian, eta hasi zuen bezala bukatu zuen, hamar urteko agintaldiaren balantze positiboa egin eta 2025. urteari begira jarriz. Lehengaien nazionalizazioak ekarri aberastasunen banaketaren, oreka politiko zein ekonomikoaren eta subiranotasunaren garrantziaz hitz egin zuen, besteak beste, milaka ikusleren aitzinean. Egun berean, El Altotik La Pazera martxa bat egin zuten konstituzio aldaketaren kontrakoek.

Eztabaida gutxi

Analista anitzek azpimarratu dute eztabaida politiko gutxi izan dela, edo batere ez, kanpaina denboran. Batetik, gobernuaren balantzea; bestetik, influentzia trafikoaren polemika eta ustelkeria. Funts Indigena deitu programaren barruan izan zen ustelkeria kasuak eztanda egin baitzuen iaz, joan den abuztuan gobernuak funtsa likidatu zuen arte. 200 bat pertsona auzibidean sartu zituzten, eta Evo Moralesen hurbileko batzuk espetxeratuak izan ziren auzia egin artean; horien artean Julia Ramos ministro ohia dago. Kasua justiziaren eskuetan dago, baina zeresana eman du kanpainaren bururaino.

Bestalde, bukatu berri den kanpainan, gobernuak bete nahi dituen helburuak jotzeko bermea eskatu zuen presidenteak. Moralesen MAS Sozialismorako Mugimendua alderdiaren gotorlekua da El Alto hiria. Eta, han, haien babesa berrestea galdetu zien ekitaldi batean bildutako herritarrei: «Konbentzituta gaude El Altok ez duela berriz amore emanen neolibelaren parean. 21ean zer egin behar dugu? Soilik bi bide daude: baiezkoaren alde gaudenak herri bolivartarrarekin gaude; ezezkoaren alde daudenak Ipar Amerikako inperioarekin daude», erran zuen.

Ez bozkatzera deitzen dutenen artean, UN Batasun Nazionala alderdiak leku zentrala hartu du kanpaina denboran. Demokrazian alternantzia behar dela izan da baliatu duten argudio garrantzitsuenetako bat, alderdiko bozeramaile Wilson Santamariak erran bezala: «Badakigu herritarrek ez dutela onartuko Morales betikotzea». Agintariaren hurbilekoak busti dituelakoan, bestalde, funts indigenaren kasuan gertatu ustelkeria afera ere kanpainaren ildo nagusietarik bat izan da.

Izan aldeko ala kontrako, kanpainaren azken eguna, joan den asteazkena, doluan bukatu zen, konstituzioaren moldaketaren aldekoen eta kontrakoen mobilizazioak doi bat estaliz. El Alto hirian sei pertsona hil ziren udaletxean piztua izan zen sute batean, eta 33 pertsona zauritu ziren. Bando bakoitzak besteari egotzi zion sutea, eta manifestari batzuek asteazken gauean bertan gertatutakoa baliatu zuten kanpainaren onerako.

Aldaketa anitz jokoan

Gobernuak behin eta berriz hamar urtez egin duenaren balantzea egin du, baita aldaketa gehiagorako nahia ziurtatu ere. Muturreko pobrezia %38,5etik (2005ean) %18,8ra (2013an) jaitsi da jadanik, eta 2020rako, alegia agintaldiaren bukaerarako, %9ra jaits litekeela ere aipatu da. 2025. urtera so ezarri duten plangintza «patriotikoa» hamahiru zutabek osatzen dute orotara, eta, nahiz eta lehendakaritzako hauteskundeak 2019an baizik ez diren izanen, plana bete ahal izateko baimen gisara interpretatzen dute gaurko bozka. Zutabe horien artean, muturreko pobrezia desagerraraztea posible ikusten du Moralesek.

Gaurkoan ezezkoak irabaziko balu, ez da jakinekoa MAS alderdian ordezkari izan litekeen inoren izenik. «Aldaketa prozesua» deitzen dutenaren barruan liderraren figurak berebiziko garrantzia hartu du azken hamar urteetan. Baina oposizioan ere ez da ageri figura azkarrik. Ezetzak irabaziz gero, arren, zalantza handiko egoera izanen litzateke 2019ko hauteskundeei begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.