Irtenbiderik ez begien bistan

Bost urte pasatu dira Saudi Arabia Yemenen eskua sartzen hasi zenetik. Matxino huthiek erakutsi dute gai direla gobernuaren indarrei aurre egiteko. Bi aldeak prest agertu dira su-eten bat adosteko

Irtenbiderik ez begien bistan.
ander perez zala
2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Duela bost urte Saudi Arabiak Yemengo gatazkan eskua sartzea erabaki zuenetik lehenengoz, badirudi su-eten sendo eta iraunkor baterako oinarriak adosteko aukera handia dagoela. Gerrako bi alde nagusiek, nazioarteak onartzen duen gobernuak eta matxino huthiek —xiitak—, begi onez ikusi dute asteon Nazio Batuen Erakundeak (NBE) menia bat negoziatzeko helarazitako deia, eta Europako Batasunak jakinarazi du «norabide horretarako pauso egokiak» izan direla. Halakorik lortzea albiste pozgarria izan liteke bonbardaketa eta talka etengabeak jasaten ari diren herritarrentzat; gerrarako irtenbiderik begien bistan ez dagoen arren, lasaitasun puntu bat emango liokeelako herrialde arabiar pobreenari. Bilana beldurgarria da: 2014tik, 200.000 lagun inguru hil dituzte Yemenen; 3,7 milioi desplazatu zenbatu ditu NBEk; eta 24,4 milioi herritar laguntza humanitarioaren menpe daude —28 milioi biztanle ditu herrialde horrek—.

Koronabirusaren mehatxuak, gainera, are gehiago okertu du jada oso kezkagarria zen egoera. Horren harira egin du meniarako deia Martin Griffiths NBEren Yemenerako mandatariak aste honetan: «Indarkeria murriztu egin behar da herrialde osoan, eta elkarrekin lan egin yemendarrak babesteko». Griffithsen bitartekaritzak alde argiak eta ilunak izan ditu, baina urteotan gai izan da, besteak beste, presoen trukaketa bat adosteko, eta mendebaldeko Hudaida hiri estrategikotik —portu garrantzitsuena du— bi aldeen tropen erretiroa negoziatzeko.

Ez du lortu, ordea, Saudi Arabiak eta haren nazioarteko aliatuek inposatu duten aireko blokeoa amaitzea. Bide horretatik askoz ere errazagoa izango litzateke Yemenera laguntza humanitarioa helaraztea. Oraingoz, ez dago koronabirusaren berririk Ekialde Hurbileko herrialde horretan. Abdul-Malik al-Huthi matxinoen buruzagiak bi errealitateen arteko lotura egin du asteon: «Blokeo bidegabe horren ondorioz, koronabirusa ez da Yemenera iritsi».

Aurreko ahaleginek fruiturik eman ez zuten arren, NBEren Yemenerako mandatariak oraingoan aukera ezin hobea du su-eten iraunkor bat adosteko, eta, horrekin batera, herritarren egunerokoa hobetu lezaketen erabakiak hartzeko. Zer esanik ez bide orri politiko bat zehazteko, nahiz eta hori egiteko zailtasun askoz ere handiagoak izango dituen.

'Proxy gerra'

Hasiera batean gatazka nazioarteak onartzen duen gobernuaren eta matxino huthien artekoa zen arren, pixkanaka beste hainbat eragile sartu dira gerran, paisaia erabat aldrebestu, eta proxy gerra bilakatzeraino.

Kanpoan, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak gobernuaren alde agertu ziren, eta xiiten aurkako frontea osatu zuten; izan ere, huthiek Iranen babesa dute, eta horri esker lortu dute urteotako estrategiari eustea. Ordea, barruan, xiiten kontrako frontea zatitu egin zen 2018an, eta Yemen hegoaldeko milizia independentistek Aden hiria hartu zuten —nazioarteak onarturiko gobernuaren hiriburua—, beste eremu zabal batekin batera. Nazioarteko babesen zatiketa eragin zuen horrek: Arabiar Emirerri Batuak milizien alde agertu ziren, eta Saudi Arabia, gobernuaren alde. Azkenean, hegoaldeko independentistek eta gobernu horrek akordio bat egin zuten gobernu partekatua osatzeko, baina itun horrek gutxi iraun lezake, hilabeteon bi aldeek talka handia izan baitute.

Hurrengo pausoak edozein direla ere, Yemengo gatazkaren garapenak eragin handia izango du nazioarteko politikan eta ekonomian. Horren erakusle da 2019ko irailean petrolioaren prezioa mundu osoan %15 igo zelahuthiek Saudi Arabiaren bi findegi handienei eraso ostean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.