Lider sozialisten arteko lehia

Konstituzioaren erreformari buruzko erreferenduma dute gaur Ekuadorren. Lenin Moreno presidenteak bultzatu ditu aldaketak; Rafael Correa presidente ohiak haien aurka egin du kanpaina

Zahar etxeetan eta erien zentroetan atzo hasi ziren botoa ematen. Irudian, Quitoko zahar etxe bat. JOSUE JACOME / EFE.
mikel rodriguez
2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Lehia politiko ikusgarri eta ezohikoa izanen da gaur Latinoamerikan. Ekuadorren konstituzioa erreformatzeko erreferendum bat eginen dute herritarrek, eta aurrez aurre paratu ditu bi aliatu ohi, herrialdeko ezkerraren lider nagusiak: Lenin Moreno presidentea eta Rafael Correa presidente ohia. Latinoamerikako XXI. mendeko sozialismoa erran zaion mugimenduan inoiz izangabeko lehia. Moreno iazko maiatzetik da presidente, eta erreferenduma bultzatu du; bertzeak bertze, Correak bere agintaldian ezarri zituen zenbait erabaki kentzeko legitimitatea lortzeko. Proposatu diren erreformetan, nagusiki bik sortu dute elkarren arteko gatazka: presidentetzara nahi adina bider aurkezteko aukera kentzeak eta estatuko erakundeak kontrolatzeko helburua duen organo bat berritzeak. Morenoren aukerek huts eginez gero, ahulduta utziko dute presidentea; irabaziz gero, Correari presidentetzara bueltatzeko aukera itxiko dio.

13 milioi herritar baino gehiagok dute botoa emateko eskubidea gaur. Gobernuak 80.000 polizia eta militar aterako ditu karrikara zaintza berezia egiteko. Izan ere, tentsio handiko kanpaina izan da, eta hainbat indarkeria ekintza ere izan dira. Joan den asteazkenean, errate baterako, jendetzak Correa setiatu zuen kostan dagoen Quininde hiriko irrati baten egoitzan, eta Poliziak hiru ordu baino gehiago behar izan zituen presidente ohia handik ateratzeko. Urtarrilaren 27an, berriz, bonba bat leherrarazi, eta hamalau polizia zauritu zituzten Kolonbiako mugako San Lorenzo hirian —narkotrafikatzaileei leporatu zien gobernuak—, eta herenegun parlamentua hustu zuten bonba mehatxu batengatik.

Konstituzioa erreformatzeko bortz galderari, eta bertze bi galderako kontsulta bati erantzun behar diote herritarrek. Presidentetzara ailegatu eta gutxira adierazi zuen Morenok erreferendum hori egiteko nahia, eta hor hautsi zen Correarekin zuen aliantza. 2006an irabazi zituen hauteskundeak Correak, eta 2013ra arte Moreno izan zuen presidenteorde. Parlamentuak 2015ean onartu zuen kargu publikoetarako hauteskundeetara aurkezteko muga bi alditan ezartzen zuen atala kentzea. Correak argudiatu zuen ordezkaritza demokratikorako eskubidea urratzen zuela muga horrek. 2013an hauteskundeak lehenbiziko itzulian irabazi zituen botoen %57 lortuta, eta, agintaldia bukatuta, aitzinerago berriz aurkezteko asmoa jakinarazia zuen.

Morenok bultzatu nahi duen aldaketak, ordea, aukera zapuztuko lioke. Horrez gain, bozkagai diren bertze galderek bien arteko botere borroka eta desadostasun ideologikoa azaleratu dute, salbuespenen batean izan ezik.

Eskuina, Morenorekin

Morenok iazko hauteskundeetan areriotzat izan zuen Guillermo Lasso eskuindarrak, errate baterako, presidenteak sustatu nahi dituen aldaketa guztiak babestu ditu, Correa egiazko nemesis baten gisan ikusten baitu. Presidente ohiak ez du botoa emanen, Belgikan baitu bizilekua. Hango enbaxadan edo kontsuletxean dagokio botoa ematea, baina kanpaina Ekuadorren egin ondoren, ez da itzuli.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.