NBEko Segurtasun Kontseiluak aho batez eskatu du Siriarako su-etena

Berehala indarrean sartuko litzatekeen hilabeteko menia baten alde egin dute, lan humanitarioa xede. Muturreko talde islamisten eta beren aliatuen aurkako operazioak testutik kanpo geratu dira

NBEko Segurtasun Kontseiluko kideak, atzo, Kuwait eta Suediaren ebazpena bozkatzen. PETER FOLEY / EFE.
ander perez zala
2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Hiru eguneko negoziazioak izan dira, bi egunez atzeratu dute bozketa, zurrumurruak hainbat izan dira, baina NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak atzo lortu zuen akordioa: kontseiluko hamabost herrialdeek aho batez eskatu zuten Siriarako hilabete iraungo lukeen su-etena. Segurtasun Kontseiluko kideak pozik agertu ziren bozketaren ostean, eta alde guztiei galdetu zieten menia errespetatzea. Kuwaitek eta Suediak ostegunean aurkezturiko ebazpenaren helburu nagusia da laguntza humanitarioak egoera larrienean dauden eremuetara sartzeko aukera segurua izatea, zibilen ebakuazioak bermatzeko eta oinarrizko baliabideez hornitzeko. Menia eperik gabe, berehala indarrean sartzeko eskatu zuten hamabost kideek, eta ohartarazi atzo harturiko erabakia «behin-behineko irtenbide bat» dela soilik.

Ebazpena onartzeko presioak handitu egin ziren egunak pasatu ahala, baita mundu osoko gobernuburuen deiak ere. Kontseiluko hamalau kide ados agertu ziren jatorrizko testuarekin, ez ordea Errusia, uste baitzuen ez zituela «beharrezko bermeak» betetzen. Herrialde horren NBErako enbaxadore Vasili Nebenzeak argudiatu zuen muturreko talde islamistek ere errespetatu behar dutela menia, eta jatorrizko testuak ez zuela hori segurtatzen; oztopo hori gaindituta, hiztegiaren inguruko eztabaidak izan zituzten herenegun, eta, atzo, menia noiz hasi behar zen. Izan ere, jatorrizko ebazpenean 72 orduko epean abiatzeko deia egiten zuten, baina Moskuk berehala indarrean sartzeko garrantziaz ohartarazi zuen.

Errusia konbentzitzeko beharra handia zen, eta Kuwaitek eta Suediak ez zuten amorerik eman. Azken eztabaidei begira, Suediako Atzerri ministro Margot Wallstrom Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovekin mintzatu zen telefonoz, eta badirudi elkarrizketa horrek eragina izan duela atzoko emaitzan.

Egungo egoerak bultzatuta

Ghouta ekialdeko egoerak bultzatuta hartu dute erabakia hamabost estatuek. Bozkatu baino lehen, Suediaren NBErako enbaxadore Olof Skoogek ohartarazi zuen lan «handia» egin zutela atzoko akordioa lortzeko, eta Siriako gatazkako alde guztiei eskatu zien errespeta dezatela hilabeteko su-etena.

Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, 400.000 herritar leudeke «harrapatuta» Ghouta ekialdean; Siriako armadak inguratua du eremu hori, eta muturreko talde islamisten eskutik «askatu» nahi du. Astebete da hegazkinak etengabe igarotzen ari direla Damasko inguruko eremu horretatik.

Ebazpenaren azken xehetasunak negoziatzen ari zirela, Siriako armadak jakinarazi zuen «korridore humanitario seguru bat» ireki zuela Ghouta ekialdean, eta zibilei dei egin zien bide hori erabil dezaten eremu horretatik ihes egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.