Berriz erabakitzeko aldarria

Erresuma Batuko Parlamentuari eta gobernuari 'brexit'-aren inguruko bigarren galdeketa eskatu diete 700.000 herritarrek. Egun berean, EBtik ateratzearen aldekoek soilik 1.200 pertsona bildu dituzte
Erresuma Batuko Parlamenturako bidean <em>brexit</em>-aren aurkako afixak erakutsi zituzten manifestariek.
Erresuma Batuko Parlamenturako bidean brexit-aren aurkako afixak erakutsi zituzten manifestariek. VICKIE FLORES / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko urriak 21
Brexit-a gauzatzeko bost hilabete falta direla —trantsizio epea martxoaren 30ean hasiko da—, Erresuma Batuak eta EB Europako Batasunak ez dute oraindik adostu dibortzioaren akordiorik. Michel Barnier EBren negoziatzaileak eta Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak asteon adierazi dutenez, «%90» hitzartuta dago, baina Irlandaren barne muga oztopo nagusia da oraindik, eta, egunak pasatu ahala, presioa areagotzen ari da negoziatzaileen artean, batez ere Londresen ordezkarien artean, erlojuaren kontra ari baitira etengabe. Bada, politikariekiko presioa are gehiago areagotu zuten atzo britainiarrek, 700.000 herritar Londresko kaleetara atera baitziren brexit-ari buruzko balizko akordioaz bigarren erreferenduma eskatzeko.

People's Vote (Herritarren Botoa) taldearen deiari erantzun zioten milaka herritarrek, eta nabarmen gainditu zituzten antolatzaileen aurreikuspenak. Ekaineko manifestazioan 100.000 pertsona izan ziren, eta taldeak helburutzat jarri zuen gutxienez kopuru horretara iristea atzoko deialdian; ordea, hilabeteotako aurrerapausorik ezak, eta EBrekiko askoren iritzi aldaketak uholde bilakatu zuen Erresuma Batuko Parlamenturako bidea. Euskal Herrian 17:00ak zirela amaitu zen bukaerako ekitaldia, baina manifestariek kalean jarraitzea erabaki zuten, eta luze iraun zuen berriz ere erabakitzeko aldarriak.

Brexit-aren aurkako mezuak nagusitu ziren manifestazioan. Berez, protestak bigarren galdeketa eskatzeko behar zuen soilik, baina kaleetan sumatzen zen EBn geratzearen aldeko jarrera, herritarrek hainbat afixatan adierazi zutenez. Bide beretik mintzatu ziren, amaierako ekitaldian, Londresen izan ziren politikariak eta gizarte zibileko ordezkariak; horien artean, Sadiq Khan hiriburuko alkate laborista izan zen oihartzun handia izan zuena: «Brexit-a blokeatzeko aukera ere izan behar genuke».

Erresuma Batuko hiriburuan izan ez zirenek ere bigarren galdeketaren aldeko mezuak bidali zituzten, tartean Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeon. Haren alderdiaren, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalistaren Kongresuan adierazi zuen bigarren erreferendumaren alde bozkatuko luketela SNPren Westminsterreko diputatuek, eta atzo ere jarrera hori berretsi zuen amaierako ekitaldian, aurrez grabaturiko bideo baten bidez. Ikusteko dago, beraz, atzoko arrakastaren ostean zein izango den Mayren erantzuna, orain arte ezezkoa eman baitie bigarren galdeketa egiteko eskariei.

Aldekoen elkarretaratzea

Bien bitartean, Ingalaterra ipar-ekialdeko Harrogate hirian EBtik ateratzearen aldekoak elkartu ziren, eskuin muturreko UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiko buruzagi ohi Nigel Faragek deituta.

Leave Means Leave protestak (Joateak Joatea esan nahi du), ordea, ez zuen Londreskoaren arrakasta bera izan: soilik 1.200 bat herritar batu ziren.