Bozkatzera, ekialdera begira

Alderdi europazaleak indartuko dira bozetan, bereziki Poroxenko presidentearena.

Krimeako eta Luhansk eta Donetsk eskualdeetako hainbat barruti, ordezkaritzarik gabe
Behatzaileek zaila ikusten dute bozek egonkortasun politikoa ekartzea. Irudian, langile bat hautetsontzi bat konpontzen, Luhansk eskualdean.
Behatzaileek zaila ikusten dute bozek egonkortasun politikoa ekartzea. Irudian, langile bat hautetsontzi bat konpontzen, Luhansk eskualdean. R. PILIPEY/ EFE

Adrian Garcia -

2014ko urriak 26
Gatazka armatu baten erdian bozkatuko dute gaur ia 37 milioi ukrainarrek. Viktor Janukovitx presidente ohia kargugabetu zutenenik eginiko legebiltzarrerako lehen bozak dira. Lehen aldiz Krimea penintsulako eta Luhansk eta Donetsk eskualdeetako matxinoen kontrolpeko barrutiek ez dute ordezkaritzarik izango Ukrainako Parlamentuan. Aurreikuspenen arabera, egungo agintari europazaleen boterea indartuko dute hauteskundeek. Agintari horiek, Arseni Jatseniuk lehen ministroak esate baterako, bozetan parte hartzera deitu dute, «Errusiaren mehatxuari aurre eginez independentzia defendatzeko».

Legebiltzarreko 450 ordezkari hautatuko dituzte. Erdiak herrialde osorako zerrenda batetik. Besteak, barrutietako ordezkariak izango dira. Alderdiek gutxienez botoen %5 eskuratu beharko dituzte ordezkaritza lortzeko. Inkesten arabera, bost eta hamar alderdiren artean lortuko dute muga hori gainditzea. Hala ere, 30 bat eserleku hutsik geratuko dira. Krimean eta ekialdeko matxinoen kontrolpeko eremuetan ezingo baitute bozkatu. Matxinoek adierazi dute haien lurraldeetan bozak boikotatuko dituztela. Beraz, Luhansk eta Donetsk eskualdeetako 32 barruetatik hamabostetan ez dituzte bozak egingo. Krimeako hamabi barrutiak ere ordezkaritzarik gabe geratuko dira. Dena den, Kievek esan du horrek ez duela hauteskundeen zilegitasuna ezbaian jarriko.

Halere, Krimeako legebiltzarkide gutxi batzuk aukeratuak izan daitezke, hainbat alderdiren zerrendetan baitaude. Penintsulako boto-emaileek ez dute erraza bozkatzea, izena eman behar baitzuten aurretik. Hauteskunde Batzordeak dioenez, 2.864 lagunek eman dute izena. Maiatzeko bozetan, 6.000 inguru izan ziren.

Kieveko protesten ondotik agintean dauden alderdiek boterea egonkortuko dute. Petro Poroxenkoren koalizioa da bozak irabazteko faboritoa. Botoen %30 eskuratuko dituela diote aurreikuspenek. Haatik, behatzaileek ohartarazi dute inkestak ez direla sobera fidagarriak.

Jatseniuken Fronte Popularra alderdiak ere ordezkaritza lortuko luke. Batkivstxina (Aberria) alderdia utzi zuen Julia Timoxenkorekin etsaitu ostean. Botoen %10 inguru lortuko ditu, inkesten arabera. Timoxenkorena paretsu ibiliko litzateke.

Bestalde, gorakada nabarmena iragarri dute Oleh Liaxkoren eskuin muturreko Alderdi Erradadikalarentzat. Kyiv Post egunkariak kontsultatutako politologoek azaldu dutenez, gatazka baliatuta herritarren sentimenduetara jo du diskurtso populista baliatuz. Boluntarioen batailoietako buruzagiek osatzen dute taldearen hautagaien zerrenda.

Liaxkoren gorakadak Sovoboda eskuin muturreko alderdiari kalte egin diezaioke, ordezkaritzarik ez lortzeko arriskua baitu. Gobernuan egoteak higatu du alderdi ultranazionalista, eta ziurtzat jotzen dute 2012ko legebiltzarrerako hauteskundeetan lortutako %12tik urrun geratuko dela. Litekeena da eskuin sektorea ere parlamentutik at geratzea.

Alderdi errusiazaleen ordezkaritza urria izatea espero da. Janukovitxen Erregioen Alderdia ez da aurkeztuko, eta Krimeako eta Donbaseko herritar askok ezingo dutenez bozkatu, Alderdi Komunistak boto gutxiago jasoko ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna