Gazatarrak, Egiptoren eskuetan

Egiptok Rafaheko muga ireki du bi egunerako, hilabete batez itxita eduki baitu jihadistek Sinain 31 militar hil ostean. Oraindik ez da iritsi Gazan berreraikitze lanak hasteko materiala.
Rafah-eko mugaldeko eremuan, oihal zuriek markatzen dituzte Gazatik Egiptora doazen tunelen sarrerak. Bi urtean %90 suntsitu dituzte.
Rafah-eko mugaldeko eremuan, oihal zuriek markatzen dituzte Gazatik Egiptora doazen tunelen sarrerak. Bi urtean %90 suntsitu dituzte. MOHAMMED SABER / EFE

Ane Irazabal, Berriemaile berezia -

2014ko azaroak 28
Gazara iritsi berria da Mohamed, Rafaheko pasabidea zeharkatu ondotik. «Bi aste pasatu ditut mugan zain. Berriro irekiko ez zuten beldur nintzen». Beste aldean «izugarrizko kaosa» utzi du, «milaka gazatar etxera noiz itzuliko zain». Herenegun ireki zuten Egipto eta Gazaren arteko muga ofiziala. Bi egunerako, eta bakarrik Egiptoko aldean blokeatuta dauden gazatarrei pasatzen uzteko. Gazatik irten nahi dutenek zain jarraitu beharko dute. «Senideen etxean egin ditut egun hauek, baina gazatar askok hoteletan hartu behar izan dute ostatu. Nork itzuliko die dirua?».

Pasabidea hilabete batez egon da itxita. Iragan urriaren 24an, Ansar Beit el Maqdis talde jihadistak 31 soldadu egiptoar hil ostean, Abdel Fattah al-Sisi presidenteak muturreko neurriak hartu zituen: Sinai penintsularen iparraldean larrialdi egoera ezartzearekin bat, Egipto eta Gazaren arteko pasabidea itxi zuen. Orduz gero, milaka ikasle, gaixo, enpresari eta bidaiarik ezin izan dute muga zeharkatu. «Rafahetik 6.000 palestinar baino gehiago igarotzen dira hilean. Jasanezina zen muga oraindik itxita edukitzea», uste du Jamal al-Shubkik, Palestinak Egipton duen enbaxadoreak.

Shubkik ez du argitu zer gertatuko den gaurtik aurrera, baina gazatarrak ez dira oso baikorrak: «Rafah itxita egonda ere ez dira Egiptoko segurtasun indarren aurkako erasoak geratu. Aurrerantzean neurri gogorragoak har ditzakete», uste du Mousa izeneko segurtasun arduradun batek.

Tunel gutxi

Rafah itxita egon den bitartean inolako pasabiderik gabe geratu dira gazatarrak. «Tunelak erabiltzen genituen lehen, baina azken bi urteetan pasabideen %90 suntsitu dituzte», azaldu du Jihad Mayal zaindari pribatuak. «Eremu hau paradisu bat zen, izugarrizko negozioa egiten genuen», erantsi du. Mayalek ez ditu zutik dauden tunelak erakutsi nahi, baina biren sarrera markatzen duen eguzki-oihal zuri bat seinalatu du. «Guztira 50 tunel daude, denak estuak eta arriskutsuak».

Tunelak gazatarren merkataritza eta truke modu bakarra izan dira 2007an Israelek blokeoa ezarri zuenetik. 1,8 milioi herritarren egoera kaskarra arintzeko ezinbesteko jarduera ekonomikotzat jotzen dituzte gazatarrek. «Elikagaien eta oinarrizko materialen eskasiari aurre egiten lagundu digute», nabarmendu du Mayalek.

Tunelen desagertzeak biziki garestitu ditu produktuen prezioak. Gerra aurretik, 50 kiloko zementu pakete batek 4 euro balio zuen merkatu beltzean; orain, hamar aldiz gehiago. Hala ere, erasoaldiaren ondotik handitu egin da eskaria, jende askok ez baitu beste irtenbiderik. Israelek ez du oraindik baimenik eman berreraikitze lanak hasteko materialak Kerem Shalom mugatik sartzeko. Eta gazatarrentzat ere gero eta garestiagoa da tuneletatik Egiptora igarotzea. «Pasabide gutxi daude, eta 3.000 dolar eskatzen dute», azaldu du Mayalek.

'Babes eremua'

Gazako Rafahetik Egiptoko Rafahera 500 metro besterik ez daude. Alta, harresiaren beste aldean eraikin guztiak suntsitu ditu Egiptoko armadak, eta 1.000 familia etxetik bota ditu ordainean zenbat emango dieten adierazi gabe. Izan ere, lur horietan buffer edo segurtasun eremu bat egiten ari da Egipto. «Egunero ikusten ditugu gure senitartekoen etxeak lehertzen», azaldu du Mohamed Abu Tar izeneko agureak.

Gazako Rafahen bizi diren herritar gehienek senitartekoak dituzte beste aldean. «Urtebete daramat hemendik atera ezinik, blokeatuta», esan du Ibrahim Munir gazteak. Amarekin, tuneletatik sartu zen Gazara: «Egiptoko estatu kolpearen aurretik etorri ginen osaba bisitatzera, baina segidan tunel guztiak itxi zituzten eta orain ezin gara muga ofizialetik pasa». Ibrahimi ere etxea bota diote segurtasun eremua egiteko. «Lehen hiri bateratu bat ginen, baina 1978ko Camp Davideko akordioen ondotik Egiptok eta Israelek banandu egin gintuzten», irizten dio Abu Turrek.

Babes eremua kilometro bateko zabalean eta 14 kilometro luzean izango da, eta, amaitzen denean, jokoz kanpo utziko ditu geratzen diren tunel bakanak. Egiptoko agintarien ustez, armen kontrabandoa egiteko eta miliziano jihadisten joan-etorria errazteko tresnak dira tunelak. Sinain ordena berrezartzeko kanpaina militarraren barruan, ezinbesteko ekintza bilakatu da Gazako mugan «eremu huts bat» sortzea. Abu Turrek, ordea, ez du haserrea ezkutatzen: «Egiptok eskubidea dauka bere mugak defendatzeko, baina guk ez dugu zerikusirik Sinaiko erasoekin».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna