Departamendu eta eskualde bozak. Korsika

Puzzle bat Simeonirentzat

Mugimendu nazionalistaren batasuna edo zatiketa baieztatuko dute Korsikan gaur egitekoak diren bozen lehen itzuliko emaitzek. Marcangeli eskuindarra izango da pisuzko lehiakide bakarra

Puzzle bat Simeonirentzat.
ander perez zala
Bastia
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Korsikako Asanblearako bozen kanpainako afixak aztertzea besterik ez dago Pe a Corsica koalizioa osatu zuten hiru alderdiek hauteskundeetarako dituzten estrategiak, helburuak eta nahiak zein diren jakiteko. Fa Populu Inseme autonomistarenak protagonista bakarra du: Gilles Simeoni zerrendaburua agertzen da, irribarretsu, eta haren izen-abizenak tamaina handiagoan idatzi dituzte zerrendaren izena baino. Avanzemu autonomistarenean, berriz, Jean-Christophe Angelini zerrendaburua agertzen da, mikrofono bat eskuan duela eta zerrendako beste hautagaietako hainbat atzean dituela, Korsikako hiru banderarekin; afixa horretan, zerrendaren izenak du protagonismorik handiena, Angeliniren izen-abizenek baino askoz ere gehiago. Corsica Libera independentistarena da desberdintasun handienak dituena: Korsikako banderako aurpegiak eta alderdiaren izenak dute erabateko protagonismoa, eta zerrendaren izena, Fa Nazione, toki xume batekin konformatu da.

Ezinbestean, Fa Populu Insemeren afixak irudikatu egin du bozen egiazko izaera: hauteskundeak Simeoniri buruzkoak direla. Ez soilik iragan agintaldian Korsikako presidentea izan zelako eta aliatu ohiek —oraindik halakotzat jo badaitezke— Pe a Corsicaren zatiketaren erruduna dela adierazi dutelako, baita Laurent Marcangeli Ajaccioko auzapez eta Un Soffiu Novu eskuinaren zerrenda bateratuaren hautagaiak hura eztabaidaren erdigunean jarri duelako ere. Eta hauteskundeetako haren aurkari bakartzat aurkeztu duelako. Finean, bakoitzaren ikuspuntuaren araberakoa da gaurko bozetako gairik garrantzitsuena zein den erabakitzea: mugimendu nazionalistaren zatiketa, edo Simeoni-Marcangeli lehia.

Iragan agintaldian Korsikako presidente izandakoak oraingoan bidea bakarrik egitea erabaki du. Ezaguna da Korsikan, ospe handia ere badu, eta boterean egin duen lehen legealdia begi onez ikusi dute herritarrek; Fa Populu Insemeren zerrendaburuak, hortaz, harturiko neurriekin jarraitzeko legegintzalditzat aurkeztu du hurrengoa, eta 2015eko eta 2017ko garaipenek abiaturiko aldaketetan sakontzekotzat. Hori egin ezean, Simeonik argudiatu duenez, azken mende erdian Korsikan agintean izan direnak itzuliko lirateke boterera; Marcangeliri eginiko aipamen zuzena da, hark ordezkatzen duelakoan familien klanak jaun eta jabe izan ziren garaia.

Ajaccioko auzapezak ez du beldurrik izan kanpainan borroka dialektikoari eusteko. Mediterraneoko irla horretako nazionalistek sei urte eta legealdi bakarra egin dute agintean, baina Marcangelik jada «aldaketaren» garaia dela aldarrikatu du, Simeonik, Jean-Guy Talamoni pasatu den legealdian Asanbleako presidente izandakoak eta gainontzeko agintari autonomistek eta independentistek Korsikarentzako aurrerapausorik eman ez dutelakoan.

Baina kanpaina batean espero daitezkeen adierazpenez eta kritikez haratago, Fa Populu Insemeren zerrendaburuaren eta Un Soffiu Novurenaren arteko lehia politika egiteko bi ikuspunturen artekoa da, irla gobernatzeko eta kudeatzeko bi modurena, eta, nola ez, Korsika iparraldearen eta hegoaldearen arteko borrokarena; Simeoni Bastiako auzapez izan zen, eta garaipen horrek abiatu zuen 2014tik arrakastak baizik ezagutu ez dituen mugimendu nazionalistaren aroa.

Garaipen ezagunena, eta poz handiena eragin zuena, noski, 2017koa izan zen, Pe a Corsicak gehiengo osoa eskuratu zuenekoa. Aurtengo bozek, ordea, badute kontrakorik duela hiru urte eta erdikoen aldean: oraingoan, Femu a Corsica —Fa Populu Inseme da haren zerrenda—, Corsica Libera (Fa Nazione) eta PNC Korsikako Nazioaren Alderdia (Avanzemu) zatituta aurkezten dira—horiekin kritiko agertu da Core in Fronte independentista, eta berak ere bere hautagaiak aurkeztu ditu—, eta eskuin erregionalista eta jakobinoa dira zerrenda bateratua aurkeztu dutenak, Marcangeli hautagai sendoa delakoan. Helburu argia finkatu dute: boterera itzultzea —1992tik 2010era izan ziren Mediterraneoko uharte horretako agintean—.

Zer egin 48 orduan

Ajaccioko auzapezarena apustu sendoa da, baina bigarren itzuliari begira duen arriskua da balitekeela babes kopurua handitzeko boto gutxi izatea.

Hortaz, datorren igandean, bigarren itzulian boto gehien bilduko duen zerrenda bilakatzeko aukera bakarretako bat mugimendu nazionalistaren batasuna ez errepikatzea izango du, Marcangeli errealitate batez jakitun baitago: autonomistak eta independentistak soilik batasunaren bidez iritsi direla agintera.

Datorren iganderako aliantzen jokoa gaurko babesen araberakoa izango da; bigarren itzulira pasatzeko, zerrendek gutxienez botoen %7 bildu beharko dituzte, eta horien artean bat egiteko, gutxienez %5 —48 orduko epea izango dute horiek batzeko—. Kanpainako inkesta bakarraren arabera—Ipsos etxearena—, hurrengo asteko hauteskundeetan izango lirateke Simeoni buru duen hautagai taldea —botoen %25 bilduta—; Marcangelirena (%23); PNCk osaturikoa (%11); Emmanuel Macron Frantziako presidentearen alderdiaren babesa duen Jean-Charles Orsuccirena (%9); nazionalisten agintaldian kontseilari izandako Agnes Simonpietri ekologistarena (%8); eta Corsica Libera eta Core in Fronterenak (%7).

Emaitza posible horietatik, Ajaccioko auzapezarenak eragin du harridurarik handiena, eta bi interpretazio sortu ditu: batetik, Ipsosek ez duela zerrenda horren egiazko babesa islatu, eta, bestetik, hori ongi badu, eskuina elkartzea ez dela estrategia ona izan, 2017an bi zerrenden emaitzak elkartuta botoen %27,74ra iritsi baitziren lehen itzulian.

Edonola dela ere, gaurko emaitzen araberakoak izango dira Marcangelik jaso ditzakeen boto gehigarriak; gaur gutxi bilduko dituzten bi zerrenda ultraeskuindarretatik etorriko lirateke, baita Orsucciren oinarri elektoraletik ere, baina azken horrek ez dirudi egingarria, beti egon baita Simeonirengandik hurbilago.

Nazionalisten beste zerrenden emaitzen zain, Simeonik izango du aukerarik handiena bigarren itzuliari begirako aliantzak egiteko eta babes gehiago lortzeko. Datorren igandean boto gehien bilduko duen zerrenda izatea garaipen bikoitza izango da: lorturiko eserlekuez gain beste 11 ematen baitizkiote horri. Dela Corsica Liberarekin eta PNCrekin berriz elkartuta, dela bidea bakarrik jarraituta, Fa Populu Insemeren zerrendaburuari komeni zaio bigarren itzulian lehen postuan amaitzea, egungo gehiengo osoa mantentze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.