Egun beltza palestinarrentzat

Israelek bezperan hildako 16 palestinarren aldeko dolu eta greba eguna egin dute Zisjordanian eta Gazan. Israelgo soldaduek 1.400 lagun zauritu dituzte, 773 balaz; Netanyahuk zoriondu egin ditu
Palestinarrak Jihad Abu Jamous gaztearen gorpua eramaten, atzo, Gaza hirian.
Palestinarrak Jihad Abu Jamous gaztearen gorpua eramaten, atzo, Gaza hirian. MOHAMEED SABER / EFE

Kristina Berasain Tristan -

2018ko apirilak 1
Nakba eguna gogoratuko dute heldu den maiatzaren 15ean palestinarrek, hondamendiaren eguna, 70 urteko okupazioarena. Israelek Palestina historikoaren %80 inguru konkistatu zuen egun horrekin, 1948an, estatu judua eratzeko 500 herri arabiar inguru suntsituz eta 750.000 palestinarren exodoa eraginez. Bada, egun beltz horren urtemugara arte, sei astez, protesta bat antolatu dute, baina, abiapuntua, hasierako eguna, egun beltza bilakatu da. Itzuleraren Ibilaldi Handiari Lurraren Egunean eman zioten hasiera protestari, ostiralean, martxoaren 30arekin. 1976an, Israelek lurren konfiskatzea salatzen ari ziren sei lagun hil zituen egun horrekin, eta, urtero gogoratzen dute egun beltz hura, oraingoan beste egun beltz batekin.

Israelgo armadak gutxienez hamasei palestinar hil eta beste 1.400 zauritu zituen ostiralean, horietatik 773 balaz eta beste 600 bat negar gasa arnasteagatik. Gazako mugako bost lekutan milaka palestinar elkartu ziren, asko eta asko kanpadendekin. Palestinako iturrien arabera, 40.000 lagunek egin zuten bat protesta egunarekin, modu baketsuan, ikurrak astintzen eta ereserki nazionalak kantatuz.

Mugaren bestaldetik, baina, suzko armekin erantzun zieten. Sarean zabaldutako bideoetan ikus daiteke nola hainbat laguni atzetik egin zieten tiro soldaduek, horietako batzuk bakar-bakarrik zeudenean. Abdel Fatah Abdel Nabi 18 urteko gaztea, esaterako, sorbaldan tirokatua izan ostean lurrera nola erortzen den ikusten da bideo batean; harresitik aldentzen ari zen, korrika.

PCHR Giza Eskubideen Palestinako Zentroa eta Betselem gobernuz kanpoko erakundeek gogor salatu dute gertatutakoa. Israelek gehiegizko indarra baliatu zuela salatu dute, eta ohartarazi dute zibilen kontra tiro egitea legez kanpokoa dela.

Israelen bertsioa oso bestelakoa da. Ronen Menelis Israelgo armadako eledunaren hitzetan, manifestarien artean «terroristak» zeuden, «su-bonbak, harriak eta pneumatikoak» zituzten, eta manifestariek 700 metroko segurtasun eremua zeharkatu zuten: «Manifestazio bortitza eta terrorista zen. Ezein herrialdek ez du onartzen herrialde subirano batean infiltratzea, eta guk ere ez dugu onartzen». Gazako mugan protestek jarraitzen badute erantzun are irmoagoa emango dutela ohartarazi zuten. Benjamin Netanyahu lehen ministroak zorionak eta eskerrak eman dizkie militarrei: «Ongi egina».

Hamasek, aldiz, «leku eta une egokian» erantzungo duela jakinarazi zuen atzo komunikatu baten bidez: «Itzuleraren Martxan herri palestinarrarekin elkar harturik borrokatuko gara».

Nazioartearen kezka

Nazio Batuen Erakundea beldur da hurrengo egun eta asteetan egoerak okerrera egingo ote duen. Segurtasun Kontseiluak larrialdiko bilera bat egin zuen herenegun, eta gertatutakoa argitzeko «ikerketa egoki bat» egiteko eskatu zuen. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia ere mintzatu da auziari buruz; «oso kezkatua» dagoela esan du, eta hark ere «ikerketa independente eta garden bat» egiteko galdegin du: «Bake prozesua biziberritzeko premiari indarra ematen dio tragedia honek».

Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak, ostiral gauean, telebistaz, nazioari eginiko mezuan, herri palestinarra babesteko galdegin zion NBEri: «Israel da erantzule bakarra, eta, martiri eta zauritu kopurua aintzat hartuta, beharrezkoa da nazioarteko komunitatearen esku hartzea gure jendea babesteko». Abbasentzat, «sarraskia» izan zen ostiralekoa, eta dolu eguna izendatu zuen atzokoa.

Gazan, hortaz, hileta eguna izan zuten atzokoa. Milaka lagun elkartu ziren kalean hildakoei azken agurra ematera. Mugan, milaka palestinarrek protestari eusten zioten, kanpadenden aurrean eserita, dolu keinu gisa, iluntzean, soldaduekin liskarrak izan baziren ere —beste 35 lagun zauritu zituzten balaz—. Zisjordanian, berriz, greba eguna izan zuten. Dendak, banketxeak, eskolak, unibertsitateak eta erakunde publikoak itxita egon ziren egun osoz, eta, han ere istiluak izan ziren iluntzean, bereziki Hebronen.

2014ko udako egun beltzak oraindik ere gogoan iltzatuak dituzte palestinarrek. Israelgo azken erasoaldi latzena izan zen, 40 egun iraun zuen operazio militarrean 2.500 lagun hil zituzten, gehienak zibilak. Eta duela 70 urteko okupazioaren egun beltzak ere ez dituzte ahaztu. Gazan egun bizi diren bi milioi lagunetatik 1,3 errefuxiatuak edo errefuxiatuen ondorengoak baitira.