Erregearen bedeinkazioarekin

Pedro Sanchezek ikur erlijiosorik gabe eta Espainiako erregearen begiradapean egin du gobernuko presidente karguaren zina. Datozen egunetan hautatuko ditu ministroak
Pedro Sanchez, atzo, Espainiako Gobernuko presidente karguaren zina egiteko ekitaldian, Espainiako erregea begira duela.
Pedro Sanchez, atzo, Espainiako Gobernuko presidente karguaren zina egiteko ekitaldian, Espainiako erregea begira duela. FERNANDO ALVARADO / EFE

Jon O. Urain -

2018ko ekainak 3
Espainiako Gobernuko presidente da jada Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia. Herenegun Mariano Rajoy gobernuburu ohiaren aurkako zentsura mozioa onartuta, Sanchezek atzo egin zuen karguaren zina, Espainiako Errege Etxearen jauregian. 11:00etan, Espainiako Konstituzioaren ale baten aurrean, agindu zuen «gobernuko presidente karguaren betebeharrak betetzea, erregearekiko gidel, eta konstituzioa betetzea eta betearaztea estatuko oinarrizko arau gisa».

Izan zen berritasun bat, aurreko gobernuburuen zinekin alderatuta: ez zen izan bibliarik ezta gurutzerik ere. 2014ra arte, bi ikur horiek karguaren zina egiteko ekitaldietan egon ohi ziren derrigorrez mahai gainean, baina hautazkoak dira orain. Atzoko ekitaldian, aretoan zeuden Felipe Borboikoa Espainiako erregea, Rajoy bera, Ana Pastor Kongresuko presidentea, Pio Garcia Escudero Senatuko presidentea, Carlos Lesmes Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko presidentea, Juan jose Gonzalez Rivas Auzitegi Konstituzionaleko presidentea eta Rafael Catala jarduneko Justizia ministroa. Frankismo osteko zazpigarren gobernuburua da Sanchez, eta, hauteskundeen ondoren karguari eutsi ezean, bi urteko agintaldia izango du gehienera ere.

Ministro dantza

Atzotik, beraz, PPko jarduneko ministroz osatutako gobernua du oraingoz Sanchezek. Espero da datorren astetik aurrera jakinaraztea nortzuek beteko dituzten ministerioetako buruzagitzak, baina ez du epe zehatzik horretarako. Mozioa aurrera atera zen unean bertan hasi zen ministro izan daitezkeenen izen-abizen dantza, baina gauza bakarrak dirudi ziurra: gobernua PSOEko kideek baino ez dutela osatuko, eta, beraz, ez dela Podemosekorik egongo. Hala adierazi zuen Margarita Robles PSOEko Espainiako Kongresuko bozeramaileak, baina erantsi, edozein gisaz, erabaki hori Sanchezi dagokiola.

Podemos, ordea, ez dator bat, eta leku bat nahi du gobernuan, «etorkizuneko erronkei aurre egiteko». Pablo Echenique Podemoseko Antolakuntza idazkariak atzo esan zuenez, Sanchezek «aukera historikoa» du «politika egiteko modu berri baterantz» pausoak emateko, PSOEren eta Unidos Podemosen arteko koalizio gobernu bat osatuta. Izan ere, Echeniqueren iritziz, PSOEren kolore bakarreko eta 84 diputatuko gobernu bat ezegonkorragoa da beste indar politiko batzuk biltzen dituen gobernu bat baino».

Izen-abizenik filtratu ez bada ere, Espainiako hedabide ugarik ziurtzat ematen zuten atzo gobernuan ardura esanguratsuak izan ditzaketela Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak, Adriana Lastra PSOEko presidenteordeak eta Roblesek berak; funtsean, PSOEko zuzendaritzan konfiantzazkoak dituenek eta independente batzuek osa lezakete gobernua. Apustuen artean daude euskal herritarrak ere: nagusiki, Patxi Lopez. Atzo, Odon Elorza diputatuak esan zuen Lopez «oso egokia» litzatekeela ministro izateko, politikan duen esperientzia dela eta. Elorzaren hitzetan, Lopezek «esperientzia handia du horrelako egoeretan, halakoetan beharrezkoak baitira gai diren ministroak, badakitenak zer den elkarrizketa eta negoziazioa». Halere, azaldu zuen ez dakiela «ezer» Sanchezen asmoen inguruan, eta orain arte zabaldutako izen-abizenak «zurrumurruak baino» ez direla: «Pedro diskrezio handiarekin lantzen ari den gaia da».

Presidente karguaren zina egitetik ministroak izendatzera, ohi baino egun gehiago beharko ditu Sanchezek, hauteskunde batzuen ostean baino azkarrago heldu denez gero presidentetzara. Aldiz, gobernua osatzeko lanak haren agenda berriarekin uztartu beharko ditu. Moncloaren webgunean ere Sanchez da jada presidente —euskarazko bertsioan, Rajoyren soslaia dute oraindik—, baina haren agenda hutsik ageri da oraindik. Bestalde, litekeena da bihar bertan egitea bere lehen ekitaldia presidente gisa: Petro Poroxenko Ukrainako presidenteari harrera.

Hain justu, nazioartetik ere hasi zaizkio Sanchezi zorion mezuak iristen; Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroarena, esaterako. Bi estatuen arteko «harreman estuari» eusteko asmoa azaldu du Mayk.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna