ENBAXADA BILA

Ordenaren faktorea

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2018ko urtarrilak 14
Urtearen hasierako egutegian iltzatuta dago, azken urteotan, euskal preso politikoen eskubideen alde Bilbon egin ohi den manifestazio handia. Atzo ere milaka herritarrek hartu zuten Bilbo, eta batera eskatu Frantziako eta Espainiako gobernuei urratsak egin ditzatela haien espetxe politiketan, gatazkaren aro gordinaren neurri eta estrategiak baztertu eta gaurko errealitatera egokituko diren erabakiak har ditzatela.

Azkeneko hamarkadotan batean eta bestean konpondu diren gatazka politikoetan presoen auzia beti egon da konponbidearen orrialdean, gorago eta beherago konpondu beharreko auzien hierarkian, baina beti egon da. Horretan ere gurea egoera berezia da. Espainiako Gobernuak eta justiziak ez dute ezer jakin nahi eskaera horietaz. Larri gaixo dauden presoen artean bada bat, Ibon Iparragirre, azken hilabeteotan, Vicent, fase terminalean egoteagatik herritar askoren eta erakunde publikoen elkartasuna jaso duena. Duela egun gutxi, eskaera sinplea bezain gordina egiten entzun genion amari: bere bizitzako azken uneak bere familiarekin igarotzea. Batere gizatasunik erakutsi gabe, asteak daramatzate Espainiako Gobernuak eta justiziak elkarri pasatzen Iparragirreren txostena.

Hilabete parea daramazue Katalunian preso politiko eta politiko preso terminoen eztabaidarekin, batzuek, nahita, beren lotsa estaltzeko aireratu dutena. Zuenak, eta gure herrikoak, preso politikoak dira. Nortzuk dira orduan politiko presoak? Estatuak gerra zikina egiteko erabili zituen politikoak: Julen Elgorriaga, Rafael Vera, Jose Barrionuevo... Baina horiek ez daude kartzelan; Ibon Iparragirre baino askoz osasun egoera hobean egonda, auzitegiek ezarritako zigorraren oso zati txiki bete zuten; berehala kaleratu zituzten, ustezko osasun egoera txarragatik edo indultuak emanda.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna