Migrazioari erantzun «europarra» ematera deitu du Angela Merkelek

'Aquarius' ontziko 629 migranteak gaur dira Valentzian porturatzekoak. Frantziak iragarri du «asilo irizpideak» betetzen dituztenak hartuko dituela. Salvinik esan du ontziak blokeatzen segituko dutela

Matteo Salvini Italiako Barne ministroak jopuntuan izan duen Lifeline GKEren erreskate ontzia. AXEL STEIER / LIFELINE.
Igor Susaeta.
2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Italia hegoaldeko kostaldera heltzea eragotzi zietenetik astebete pasatu den honetan, Aquarius ontzian doazen 629 migranteak gaur 11:00 inguruan dira Valentzian porturatzekoak (Herrialde Katalanak). Ontziaren auziak gatazka diplomatikoa eragin du EB Europako Batasunean, eta horri aurre egiteko batasuneko migrazio politiken «erreforma sakon bat» agindu zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak herenegun, Giuseppe Conte Italiako lehen ministroarekin bildu ondoren. Atzo Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak heldu zion auziari, eta, inori belarrietatik tira egitea baztertuz, «immigrazioren erronkari» erantzun «europarra» ematera deitu zuen —horren harira, bere gobernu barruan bertan tirabirak izan ditu asteon—. Izan ere, «Europaren batasunerako» ezinbestekoa iruditzen zaio immigrazioaren gaiari «trataera bateratua» ematea. Eta horretarako, Frantziaren eta Alemaniaren arteko aliantza aldarrikatu du.

Hain zuzen, Aquarius ontziak eragindako krisi diplomatikoan azken egunetan mantendutako jarrera aldatu zuen atzo Frantziako Gobernuak. Macronen haserrea eragin zuen Italiaren —eta Maltaren— erabakiak, baina horixe adierazi zuen egun berean migranteen kanpaleku bat desegitea agindu zuen. Gainera, Korsikako Gobernuak eskaini zion SOS Mediterranee eta Mugarik Gabeko Medikuek GKE gobernu kanpoko erakundeek koordinatutakoAquarius ontzia han porturatzea, baina Macronek eskaintzari muzin egin zion. Baina orain Valentziara iristekoak diren etorkinak hartzeko asmoa agertu du. Jean-Yves Le Drian Atzerri ministroak atzo iragarri zuenez, «asilo irizpideak» betetzen dituztenak hartuko dituzte. Gehitu zuen langile sozialak bidaliko dituztela Valentziara, errefuxiatuen egoera azterdezaten. Espainiako Gobernuak Frantziakoaren eskaintza onartu du, eta Carmen Calvo presidenteordeak «elkarlana» agindu du.

Bestalde, Matteo Salvini Italiako Barne ministroak atzo adierazi zuenez, Mediterraneo itsasoan erreskate lanetan dabiltzan eta Italiakoak ez diren gobernuz kanpoko erakundeei Italian porturatzea debekatuko die. «Jakin behar dute Italia ez dela izango legez kanpoko immigrazioaren konplizea». Bide batez, Corriere della Sera Italiako egunkariak inkesta bat kaleratu du, eta, horren arabera, italiarren %59k gobernuak ontziei ezarritako blokeoa babesten dute.

Beste bi ontzi jopuntuan

Lifeline eta Seefuchs Herbehereetako GKEak izan ditu jopuntuan Salvinik, esanez Libiako uretan daudela beren ontziekin, eta pertsonen trafikatzaileek zuzentzen dituztela. GKEek akusazioak ukatu dituzte, eta Italiako Barne ministroari «faxista» deitu diote. Ontzi horiei atzera egiteko eska diezaiela erreklamatu dio Italiako Gobernuak Herbehereetakoari.

Eta adierazpen horiek egin ditu Salvinik, Conte lehen ministroa, bihar Berlinen, Merkelekin batzartu aurretik. Etzi, bestalde, Merkel eta Macron dira biltzekoak. Alemaniako kantzilerrak erantzun «frantziar-alemaniarrak» iragarri ditu aste honetarako, eta nabarmendu zuen Europaren «lau desafioak» izango dituztela mahai gainean: immigrazioa, batasun ekonomikoa, segurtasuna, eta berrikuntza.

Europar Kontseiluaren goi bilera dago antolatua hilaren 28rako eta 29rako, eta batasuneko herrialdeak hasi dira migrazioaren auzian beren jarreren berri ematen.

Aquarius ontzia gaur Valentziara iristekoa den arren, Gibraltarko itsasartean (Espainia) 200 bat etorkin erreskatatu zituzten atzo. Herenegungo kopurua handiagoa izan zen: ia 700 lagun erreskatatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.