Huts eta laukoa, etxetik kanpo

Urdaibaik irabazi du Hondarribiko Bandera, Eusko Label ligan, etxeko taldeari 1,64 segundo aterata. Azkeneko lau estropadetan, nagusi izan da 'Bou Bizkaia' trainerua
Eneko Bilbao Urdaibaiko patroia, Hondarribiko banderarekin, estropada irabazi berritan.
Eneko Bilbao Urdaibaiko patroia, Hondarribiko banderarekin, estropada irabazi berritan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Aitor Manterola

2017ko abuztuak 13
Oso erregular ibili zen Urdaibai uztailean, baina Eusko Label ligan bi estropada irabaztea gutxitxo zen bermeotarrentzat, are gehiago garaipenetik oso gertu hainbatetan geratu eta gero. Hil horretako azkeneko igandean, ligako hirugarren bandera irabazi zuten, Zierbenan; hortik lau egunera, Espainiako Txapelketako sailkatze estropadan gailendu ziren, eta aurreko igandean, txapelketa irabazi zuten; azkenik, atzo, Hondarribian, ligako laugarrena eskuratu zuten. Kontuak azkar batean egiten dira, eta laugarren garaipena du segidan Joseba Fernandezek entrenatutako taldeak.

Berezia izan zen atzokoa, aurkari zuzenaren etxean lortu baitzuen, ligako buruan lau punturen tartea ireki diolako Hondarribiari, eta, batez ere, Eneko Bilbao etxeko patroi gaztearen lehen bandera delako liga nagusian. Berezitasunetik eta ezohikotik gutxi izan zuena lehen bien arteko tartea izan zen: 1,64 segundo baino ez zizkion atera Bermeoko taldeak Hondarribikoari. Berdintasunak hor dirau ligan, horrenbestez.

Azkeneko txandan joan ziren biak, Orio eta Kaikurekin batera. Estropada erdira arte, Orio ere irabazteko lehian izan zen, baina, hirugarren luzetik aurrera, ligako lehen bi sailkatuen arteko borroka bihurtu zen. Estropadako gako handienetakoa lehen luzearen amaieran eta bigarrenaren hasieran izan zen. Urdaibaik, laugarren kaletik, tartea zabaldu zuen, eta trainerua aurreneko ziabogan okertu eta ondorengo metroetan, lauzpabost segundora igo zuen aldea Hondarribia eta Oriorekiko. Gero, erabakigarria izan zen tarte hori.

Hondarribiak, lehen kaletik, bira murriztu zion tartea bigarren ziabogan, baina hirugarrenean, berriz ere aldetxoa ireki zion Urdaibaik. Laukoa zen hirugarren ziabogan. Orduan hasi zen traineruen norabidearen arteko dantza. Bermeokoak istriborrera joan ziren, baina gero bere kalera sartu berriz; aldiz, Hondarribiak, kaleari eutsi zion, eta azkenera zero kalera egin. Lau segundoren tartea gutxituz joan zen, eta azkenean bira ere ez zen iritsi aldea. Iaz bezala, garaipena lortu zuen atzo Urdaibaik Hondarribian.

Orio eta Kaiku lehia bizian sartu ziren, eta, azkenean, oriotarrak nagusi hirugarren izateko buruz burukoan, 54 ehunengatik. Biak izan ziren hirugarren eta laugarren estropadan, baina gutxi behar izan zuen Zierbenak biei aurrea hartzeko, lau eta hiru segundo galdu baitzituen biekin. Bere txanda zazpi segundogatik irabazi zion San Juani. Atzerago geratu ziren Tiran eta Ondarroa, hamahiru eta hamazazpira.

Aresen zoritxarra

Cabok irabazi zuen lehen txanda, San Pedrori lau segundo aterata, eta Astillerori zazpi. Lehia horretan, Aresena izan zen nabarmentzekoa, kanpoko bi ziabogetan kateatu egin baitzen; gainera, arraun bat puskatu zuen maniobra bakoitzean, eta Adan Prados bizkar ababorreko arraunlariak ezin izan zuen arraun egin azken luzean, ordezko arraun bakarra izaten dutelako traineruek.

Izango al dute gaur, Ondarroan, zorte hobea Aresekoek... Ligako hamabigarrena edukiko dute jokoan (12:00, ETB 1), eta atzoko emaitzekin osatuko dituzte txandak. Liga nagusiko lehen estropada izango da Ondarroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria