martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Bidegurutzean

2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Eztabaida interesgarria dago, Vicent, zure herriko independentziazaleen artean, gutako askok Katalunian gertatzen ari den guztia legez oso gertutik eta interes handiarekin segitzen ari garena. Interesari errespetua eransten badiogu, askoz hobe.

Atakan sartuta dago prozesua, ez da lehenengo ataka iragaten duena. Orain artekoetatik ondo atera da, eta indartuta. Baina oraingo hau izango da, seguruena, zailena. Espainiako Gobernuaren eta estatu egituren jarrera gogor eta bortitzak bidegurutze itxura daukan ataka batera eraman ditu independentziazaleak. Egun hauetan horrenbeste aldiz independentziazaleen ahotan eta idazkietan entzuten eta irakurtzen ari garen «beste batzuetan ere larri ibili gara, eta jakin dugu bizkortuta irteten» edo «JxC, ERC eta CUP azkenean beti jartzen dira ados» bezalakoek bidea ematen digute pentsatzeko eztabaida oso sendoa dela.

Alde batetik, Puigdemont bidea dei genezakeena, argudiatzen dutenak Puigdemontek, kosta ahala kosta, segitu behar duela presidentegai izaten, eta hori bermatu edo lortu bitartean ezin dela beste urratsik egin, ez izendapen saiorik antolatu, ezta bestelako mugimendurik egin ere. Puigdemontek irabazi egin zizkien hauteskundeak beste hautagai independentziazaleei, eta berari bakarrik dagokio presidente izatea. Printzipio demokratiko bat da; ez da errenuntziarik egingo.

Bestaldetik, Espainiako Gobernuaren eta estatu egituren jarrera aldagaitza ikusita, uste dutenak aurreneko bide hori agortuta dagoela, nahiko indarrik ez dagoelako atzera eginarazteko, eta esku hartze zuzenik gabeko autogobernua berreskuratzea dela lehentasuna orain; eta, bide batez, denbora hartu etorkizunari buruzko gogoeta estrategikoa egiteko, betiere independentziaren alde dauden herritarren portzentajea %47tik %60ra igotzeko helburuarekin.

Interesarekin begiratzen dizuegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.