ENBAXADA BILA

Ikusi eta ikasi duguna

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2018ko otsailak 11
Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldearen jardunaren kronikari oso zuku probetxugarria aterako lioke, Vicent, luma zorrotz batek. Datu bat emango dizut batzorde horrek sortu duen pasioa ulertzeko: Txiki Benegas izan zen txostena aurkeztera gonbidatu zituzten adituetako bat.

Asko gogoratzen naiz legebiltzarreko lantalde horren berri irakurtzen dudanean zuok katalanok 2004an zuen herriko parlamentuan estatutu berria osatzeko abiatu zenuten prozesuaz, eta baita ondoren estatu hark egin zuen ibilbide trumiltsuaz ere. Asko ikusi eta ikasi dugu euskaldun askok Kataluniako prozesuaz, baina komeni zaigu ez jartzea arreta bakarrik azken urteotan gertatutakoan. Ondorio egokira iristeko, mesedegarria izango zaigu atzera egitea, eta ibilaldia, gutxienez, zuen estatutuaren lanketa hasi zen 2004 hartatik hastea.

Ikasi dugu lagundu diguzue ikusten urteotan zein tarte gutxi dagoen, batere ez esateagatik, Espainiako klase politikoan eta klase politiko horrek izendatzen duen klase judizialean estatu plurala osatu eta onartzeko. Zuekin jokabide hori eduki duen estatu batetik zer espero dezakete Eusko Legebiltzarreko lantaldean ari diren alderdiek, birzentralizazio haizea dabilen garaiotan?

Askoz azterketa xehetuago egin ahal izango dugu testu artikulatua ezagutzen dugunean, baina oraingo fase honetan, logikoa da, lerro nagusiak ari dira jakinarazten lantaldeko alderdiak, zehaztapenetan sartu gabe. Erabakitzeko eskubidea bihurtu da eztabaidaren izarra, eta jendaurreko adierazpenetan dantzalekuaren erdigunea hartu du; proposatzeko eta baztertzeko.

Pena bat da ez edukitzea denboran aurrera egin eta testu finduetara aurreratzeko makina. Benetako asmoetara azkarrago iristeko aukera emango liguke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna