ENBAXADA BILA

Arteak salbatuko gaitu

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2018ko otsailak 25
Orain arte politikaren arloan epizentroa zeukan tsunami atzerakoiaren uhinak artearen esparruraino iritsi dira asteon, beste behin erakutsiz oso tarte gutxi dagoela Espainian desadostasunerako, kritikarako eta disidentziarako. Eta uhin horiek bidean harrapatzen duten guztia eramaten dute. Artea beti izan da sormenaren babeslea; artean, bidea ematen zaie bizitzako beste esparru batean onarpen zailagoa daukaten adierazpenei, kasu batzuetan berezkoa dutelako kulturak eta arteak transgresioa, marra batzuk gainditzea, urrutiago joanda ikuslearen arreta bereganatu eta gogoeta egitera bultzatzea. Hori da, funtsean, sortzaile batzuek beren lanekin lortu nahi dutena.

Kalean dagoen eztabaida baino ez du jaso Santiago Sierrak bere lanean; preso politikoak badaudela gogoratu nahi izan du, gaur egun kartzelan daudenak edo berriki atera direnak; katalanak eta euskaldunak. Eztabaida politikoa, interesgarria, hitzetik hortzera erabili duguna hilabeteotan. Nola da posible komunikabideetan zilegi dena, legebiltzarretako tribunetan eztabaidagai dena, eta diskurtso politikan dagoena, galaraztea artean. Lanari hegoak mozteko ahalegin baldarrean beste behin eta ez dute ikasten, sekulako oihartzuna edukitzea lortu dute, eguneko albiste nagusia izatea, Katalunian ikono bihurtzeraino.

Patetikoa izan da Espainiako PP eta PSOE alderdien jokabidea. Lehenaren jarrera ultrakontserbadoreak eta bigarrenaren jarrera koldarrak konfirmatzen digute ez dagoela aldaketa hedatzailerako inolako aukerarik, ezta gauzarik txikienean ere. Ez dute ezer onartzen, erreferenduma konstituziotik kanpo geratzen delako , eta artelana, berriz, ezarritako marratik ateratzen delako.

Ataka zailean gaude; txikiak gara ezer onartu nahi ez duen handi batean aurrean. Artea irudimenaren zelaia denez, laguntza eskatu beharko diegu sortzaileei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna