martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Erreferentzia esparrua

2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Gurea bezalako herrietako komunikabideetan aldiro aktibatzen den eztabaida da. Zer egin Espainian edo Frantzian sekulako indarrarekin sortzen diren gizarte albisteekin? Alegia, non hasten den eta non bukatzen den gure erreferentzia esparrua. Euskal sindikatuek «lan harremanen euskal esparrua» deritzotena gurera, alegia komunikaziora, ekarrita.

Adibide argia eduki dugu asteotan Espainiako hegoaldean hil berri duten ume baten kasuarekin. Sekulako olatu informatiboa sortu dute hilketa horren inguruko guztiarekin Espainiako komunikabideek; hainbesteraino, estatu auzi bat bihurrarazi dute.

Beste arazo batzuk estaltzeko ke laino baten itxura daukan kanpaina sortu dutenen benetako asmoetan sartu gabe tesi mardul baterako emango luke, azpimarragarria da zer gaitasun daukaten haien agenda markatu eta besteena baldintzatzeko.

Ez da aurreneko aldia gertatzen dena, eta ez da azkena izango. Gure irakurle askorengana Hego Euskal Herrikoak dauzkat gogoan iristen diren albisteak dira, sekulako indarrarekin iritsi ere, telebistako edozein kanal piztu eta besterik ez dagoelako.

Zorionez, irakurle horiek badakite zer espero dezaketen, zer bilatzen duten, komunikabide batean eta zer bestean. Alegia, barazkiak nahi dituztenean, jatetxe batera jotzen dute, eta arraina nahi dutenean, beste batera. Baina, segur aski, ez dute onartuko oilaskoa ematea barazkiak espero dituzten jatetxean. Beste horrenbeste egiten dute albiste tipologia horrekin.

Beste inoren etxean sartzeko asmorik batere gabe, ondo legoke herri txikiotako komunikabideotako langileok gogoeta egitea gai horrekin, bukaerako erabakia edozein dela ere, gutxienez jakinaren gainean hartu izan dadila, kontzientea eta argudiatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.