martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Rajoy eta fiskalaren lana

2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Asteko albistea izan da gurean; Espainiako Gobernuak eta EAJk Espainiako aurrekontuen aurka oposizioak jarritako osoko zuzenketak atzera botatzearen truke bi puntu negoziatu eta akordatu dituzte: pentsioak eta Katalunia. Lehena, oso zehatza eta ulertzen oso erraza, pentsioak KPIren pare igoko dira. Bigarren puntuan, indefinizioa erabatekoa da, akordioaren gaineko xehetasunik ez dagoelako. Rajoyk, Kataluniako auzian, politikaren bidea hartuko ote duen zabaldu dute euskal negoziatzaileek, ezer gehiago ez.

Ez dezagun ahatz estatu auzietan, estatua benetan kezkatzen duten auzietan alegia, fiskaltza gobernua dela, eta gobernua fiskaltza dela. Eta aspaldi honetan Espainian estatu auzi bat baldin badago, hori Katalunia da. Eta ikusi dugu, ez behin, askotan baizik, zabalduta dauden auzibideetan fiskaltza, kasuren bat kenduta, erabat bat datorrela LLarena eta Lamela magistratuen tesiarekin. Beraz, Espainiako Gobernua dago fiskaltzaren eskaeren eta jarreraren atzean.

Aurretik esana daukagu katalanak benetan mintzen dituena ez dela 155. artikuluaren aplikazioa, oso larria izanagatik, baizik eta Espainiako justiziak —Konstituzionalak, Gorenak, Auzitegi Nazionalak eta Bartzelonako auzitegiren batek— hartu dituen erabakiak. Prozesuaren auzibidean daudenen aurkako zigor eskaerak oso larriak dira, urte askotako kartzela zigorra daukaten delituak leporatzen dizkietelako; fiskaltzaren eta gobernuaren babesarekin.

Badaukagu, Vicent, gurean oso kezkagarria den auzia: Altsasuko gazteen aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Epaiketan, Katalunian bezala, fiskaltzak egiten dituen akusazio larrien ondorioz, urte askotako kartzela zigorra ezar diezaiekete akusatuei.

Auzi horretan ere, fiskaltzaren eskutik, Rajoyren gobernua dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.