«Zorrotzagoak izan beharko genuke bertsolariok»

Edozein kultur arlotan dabilen oro «autokonplazienteegia» dela nabarmendu du Maialen Lujanbiok EHUko ikastaroetan

Maialen Lujanbio, atzo, hitzaldia eman aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Bertsolariak orain arte egindako ibilbidean goxo gelditu ez ote diren kezka azaldu zuen atzo Maialen Lujanbiok, Donostiako Miramar jauregian egindako Bertsolaritza eta beste sorbideak ikastaroan emandako Bertsolaritza eta jendaurreko ikuskHitzunak hitzaldian. Kezka hori ez ezik, plazeraz haratago doan bidean aurrera egin beharra azpimarratu zuen hainbat kultur arlotan dabilen edonor bere buruarekin «zorrotzagoa» izan behar dela gehituz. Izan ere, «autokonplazienteegiak» direla nabarmendu zuen.

Hitzaldiari eta ikastaroarihasiera emateko, bertsolaritzaren historiari egin zion so Lujanbiok. Izan ere, bertso munduan daramatzan hogei urteetan gauzak asko aldatu direlako pertzepzioa du hernaniarrak; eta, bestalde, nondik gatozen jakin eta bertsolaritzak egindako ibilbidea zein izan den argitzea «garrantzitsua» dela esan zuen. Lehen bertso eta bertsolariak baserri giroan kokatzen zirela gogoratu zuen, eta, hala, garai hartako bertsolaritzak gainerako arteekin zuen lotura gauzatzen ez zelako irudipena du. Azken urteotan, baina, bertsolaritzak aldaketa bat izan duela azpimarratu nahi izan zuen: lehen, kanpora begiratzen zuen bertsolaritzak, eta, orain, kanpotik begiratua da.

Asko dago egiteko

Lujanbioren hitzetan, «zapaldu gabeko lur bat bilatzen du bertsolariak etengabe; historian zehar egindako ibilbidean aurrera eginagatik ere, asko baitago oraindik egiteko». Egiteko asko edukitze horrek, baina, baditu bere arriskuak, Lujanbioren esanetan: «Batzuetan, egiteko behar horrek edozer egitea dakar, eta gauza berri horiek balezkotzat hartzen dira maiz bertsolaritzan bezala euskal kulturan»

Ideia horri jarraituz, hainbat arte arlorekin uztartu izan da bertsolaritza azken urteotan: musikarekin, literaturarekin, dantzarekin, ikus-entzunezkoekin eta arte plastikoekin, besteak beste. Horren adibide ditugu Euskal Herriko bazter guztietan aritu diren Kafkaren aulkia, Errimak oinetan, Bertsojazza... emanaldiak. Hala ere, fusioa baino gehiago, metaketa izan dira horiek, Lujanbioren esanetan: «Ez da erabat jakin bat egiten; bi arloen arteko batuketa izan dira batik bat, eta halakoetan bertsoa atera da galtzaile bere propietateak galduz».

Bertsoetatik haratago

EHUk udarako programatutako jardueren barruan eskainitako ikastaro horren helburua bertsolariei haien sorbideak bertsoetan zenbateraino lagundu dien azaltzea izan da. Edo alderantziz: balizko beste sorbide horrek zertan eta zenbateraino baldintzatu dituen bertsogintzan.

Maialen Lujanbiok eman zion hasiera egunari, eta haren atzetik aritu ziren Unai Iturriaga eta Andoni Egaña. Bertsolaritza eta komikigintzari buruz Iturriaga, eta bertsolaritza eta hedabideetako kolaborazioei buruz Egaña.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.