martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Liburuko postaria

2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Katalanak kanpoan zer gertatzen den begiratzeko batere astirik gabe zabiltzaten arren, eskainiozue tarte txiki bat, handia bada hobe, ostiralean gure herrian itzal handiko 70 pertsonak kaleratu zuten agiriari, eta agirian datzan mezuari. Demokrazia bai izenburupean, «larritasun demokratikoa», «joera inboluzionista», «emantzipatu den herria», «gogor eustea»... bezalako kontzeptuak dakartza manifestuak. Garaikoetxea, Ibarretxe, Iruin, Aristegi, Aleman deiturak irakur genitzake sinatzaileen artean.

Espainian gertatzen ari den inboluzioa ikusita, herritarrei dei egin diete erne egotera, eta etsipenaren sareetan ez erortzera. Katalunian gertatzen ari denak badu noski lotura zuzena agiriarekin, testuak salatzen duenaren erakusleiho argia baita Katalunia. Kataluniako argazkietako oinen testua manifestuan topa liteke. Agerikoa da testuaren bidaltzaileak nortzuk diren, eta hartzailea asmatzea ez da batere zaila. Beste kontu bat da hartzaileak postariari atea ireki nahi dion, liburuko eta filmeko postariak bezala, bi aldiz jo arren.

Gertatzen denaren aurrean ez etsitzea izango da gaur eguerdian ehunka mila lagunek Bartzelonan egingo dutena. 155. artikulua ezarri eta erakundeetako arduradunak kartzelan sartu edo deserrira bidali dituzten gobernu eta justiziaren erabakien aurka hartuko dituzte Bartzelonako kaleak; batasun giroan, prozesuaren egun mugarrietan egin zuten bezala. Gaurko elkarretaratzean, zorionez, independentziaren alde ez dauden askok hartuko dute parte, duintasunari egindako erasotzat hartzen dituztelako erabakiok.

Errepublikaren defentsarako batzordeetako kide bati poliziak, gobernuak alegia, terrorismo delitua leporatzea, eta fiskalak, gobernua berriro, espetxeratzea proposatzea izan da jokabide sumingarri horren azken erakuslea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.