Errusiako Munduko Kopa

Iranek ere badu Messirik

Sardar Azmun aurrelaria da Irango izarra. Errusian egin du ibilbide osoa, baina aurki joan daiteke liga indartsuago batera. 23 gol sartu ditu selekzioarekin, 34 partidatan.
Sardar Azmun, Marokoren aurkako partidan.
Sardar Azmun, Marokoren aurkako partidan. JUAN HERRERO / EFE

Julen Etxeberria -

2018ko ekainak 20
Futbolzaleek gogoan dute oraindik Lionel Messik Jemery Boateng lotsagarri utzi zuenekoa. Bartzelonak eta Bayern Munichek 2015eko Txapeldunen Ligako finalerdietan jokatutako joanekoan izan zen. Messik izkin egin zion Boatengi, eta lurrean eserita utzi. Irrigarri geratu zen erdiko atzelari alemaniarra.

Urte eta erdi eskas geroago, berriz lotsa gorritan geratu zen Boateng. Aurkari batek berriz ere utzi zuen lurrean eserita. Sardar Azmunek (Gonbad-e Qabus, Iran, 1995) egin zuen Messirena. Hobetu ere egin zuen argentinarraren jokaldia, Rostov Errusiako taldeko aurrelariak gola sartu baitzuen jarraian. Banakoa izan zen. 3-2 irabazi zion Rostovek Bayern Munichi Txapeldunen Ligako ligaxkan. Egun horretan jarri zioten goitizena Azmuni, Irango Messi.

Egun horretan egin zen ezagun Azmun Europan, baina ordurako izarra zen haren jaioterrian. Bi urte pasatxo zeraman selekzioan sarri jokatzen. Iran 2014ko Brasilgo Munduko Kopan izan zen, baina ez Azmun. Carlos Queirozek ez zuen deialdian sartu. Astebete eskas zen selekzio nagusiarekin estreinakoa egin zuela. 19 urte besterik ez zuen, eta hautatzaileak iritzi zion goizegi zela. Kolpea jaso zuen Azmunek Munduko Kopatik kanpo geratuta.

Lau urte geroago atera du arantza. Oraingoan, Queirozek ez du zalantza izpirik izan. Azmun Errusiara eraman beste aukerarik ez du izan. Batetik, oraindik gaztea izanagatik, eskarmentu handia pilatu duelako: 30 partida baino gehiago jokatu ditu Iranekin, eta ehun baino gehiago Rostov eta Rubin Kazanekin. Eta, bestetik, golak sartzeko erraztasun handia erakutsi duelako. Iranekin, 23 sartu ditu. Berak sartu du, hain zuzen, gol gehien selekzioan Munduko Koparako sailkapen ligaxkan: lau, hamar partidatan. Europako hainbat talde indartsuk begiz joa dute, eta Errusiako Munduko Kopa erakusleiho bikaina izan daiteke harentzat.

Azmunek ez zuen golik sartu Marokoren aurka, estreinakoan. Lan nekezagoa izango du gaur, aurkari indartsuagoa izango baitu Iranek, Espainia. Baina irandarrak konfiantzaz gainezka daude lehen partida irabazita. Hogei urte zeramaten garaipenik lortu gabe Munduko Kopan. Inoiz ez dira sailkatu final-zortzirenetarako, eta, gaur punturen bat eskuratuta, gertuago lukete balentria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna