Bata lasai, eta bestea etsita

Uruguain segurutzat jotzen dute Tabare Vazquez Frente Amplioko presidentegaiaren garaipena.

Lacallek onartu du ezkerra dela faborito: «Matematikak kontra dauzkagu»
Tabare Vazquez eskuinean, Raul Sendic presidenteorde izateko hautagaiarekin, hauteskunde kanpainako azken ekitaldian.
Tabare Vazquez eskuinean, Raul Sendic presidenteorde izateko hautagaiarekin, hauteskunde kanpainako azken ekitaldian. IVAN FRANCO / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko azaroak 30
Tabare Vazquezen eskutik hartu zuen Jose Mujicak Uruguaiko presidentetza 2010ean, eta, oker handirik ezean, hark eskuratuko du berriro aginte makila gaurko hauteskundeen ostean. Frente Amplio ezkerreko mugimendua (FA) garaipen argi bat lortu eta jarraian hirugarren agintaldiari ekiteko moduan da presidentetzarako bozen bigarren itzulian: botoen %47,9rekin, eta Alderdi Nazionalak (%30,9) eta Alderdi Gorrikarak (%12,9) biek batera baino babes handiagoa jaso zuen aurreneko itzulian. Mujicaren itzalpean, FAren lorpen sozialetan oinarritu du Vazquezek kanpaina, eta eskuinak ez du aldaketa bat eragiteko zirrikiturik izan.

Balotajearen aurreko aste hasieran 11 punturen aldea ematen zioten inkestek Vazquezi, eta ostegunean argitaratu ziren azken inkestek are garaipen zabalagoa aurreikusi dute FAko presidentegaiarentzat. Equipos Mori etxeak boto zuzenean %53 eman dizkio Vazquezek eta Raul Sendic presidenteorde izateko hautagaiak osatutako bikoari, eta %37 Lacallek eta Jorge Larrañagak osatutakoari. Boto proiekzioa aztertuta, FAko hautagaiak botoen %54,5 jasoko lituzke, eta Alderdi Nazionalekoak %40. Cifra etxearen emaitzak oso antzekoak dira: boto zuzenean %52,5 Vazquezek eta %37,8 Lacallek; proiekzioa eginda, %54 eta %40 hurrenez hurren.

Vazquezek estutasunak lehen itzuliaren aurretik pasatu zituen, inkestek emaitza txarragoa iragartzen baitzioten FAri; baina ia botoen erdiak jaso ondoren, askoz lasaiago ageri da. Lacalle Pou, berriz, presidentetza irabazteko aukeran ageri zen urriaren 26a arte, Vazquez faborito izanagatik, eta, aldaketaren aldeko mezu argi batekin, intentsitate handiko kanpaina egin zuen. Botoen heren bat baino gutxiago jaso ostean, ordea, etsita ageri da, eta kanpainan bere programak erabat betetzen duelako jarraitzen duela ere onartu berri du: «Zaila daukagu irabaztea, matematikak kontra dauzkagu».

Uruguaiko Legebiltzarrean gehiengo osoa ziurtatua du Frente Ampliok —99 diputatutik 50 irabazi zituen urriaren 26an—, eta, egoera ekonomiko txukun bati esker —iaz BPGa %4,4 hazi zen eta langabezia %6tik behera mantendu zuen—, estatuaren laguntza politikei eutsi eta baliabideak ahalik eta modu zuzenenean banatzen jarraitzeko asmoa agertu du FAk. Lacalle Pou eta Mujica presidente izan diren urteetan, pobrezia tasa %34tik %11ra jaitsi da Uruguain, 2006-2013 tartean. Eta, ia hamar urteren buruan eskuina berriz agintera iritsiz gero, klase apalenentzako estatuaren laguntzak murrizteko arriskua haizatu du Frente Ampliok.

Kanpaina apala

Tabare Vazquezek, garaipen argi baten esperoan, hauteskunde kanpaina handirik ez du egin aurreneko itzuliaz gero. Herri txikietan eta hirietako auzuneetan ibili da batez ere. Alderdi Gorrikarako presidentegai Pedro Bordaberryk presidentetzarako lehiatik kanpo geratu bezain pronto eskaini zion babesa Lacalle Pouri, baina Uruguain urte gehienetan agindu duen alderdiko buruzagi askok argi esan dute ez diotela botorik emango Alderdi Nazionaleko hautagaiari, eta haiekin bilerak ere egin ditu Vazquezek.

Alderdi Gorrikarak eta Alderdi Nazionalak duela ia 180 urtetik Uruguain partekatu duten hegemonia hautsi eta Frente Amplio agintera eraman zuen buruzagia izanagatik, Tabare Vazquezek ez dauka Jose Mujicak adinako erakarmen indarrik. Tradizio desberdinetatik iritsi ziren FAra —PS Alderdi Sozialistatik lehena, diktaduraren aurka borrokatu zen gerrillatik bigarrena—, eta, Uruguaiko Konstituzioak eragotzi egiten duenez presidente batek bi agintaldi jarraian egitea, elkarri lekukoa emateko moduan dira berriro. Mujicak 2009an botoen %52rekin irabazi zion Luis Alberto Lacalle Herrera presidente ohiari —Lacalle Pouren aita bera—, eta Vazquez emaitza hori hobetzeko moduan dago gaur.

Alderdi Nazionalak salatu ere egin du Mujicak parte hartze nabarmenegia izan duela kanpainan Vazquezen alde —Konstituzioak neutral izatera behartzen du—, fede handirik gabe. FAk zergak igoko dituen mehatxuarekin saiatu da botoak erakartzen, baina arrakasta handirik gabe.

Vazquezek, berriz, orain arteko ildoari jarraitzeaz gain, martxoaren 1etik aurrera narkotrafikoaren eta diru zuritzearen kontrako aurrez aurreko borroka gogor bat agindu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna