ENBAXADA BILA

Zezenketak ikasgai

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2018ko otsailak 18
Jokalekua aztoratu du Espainiako Gobernuak 155. artikulua Kataluniako hezkuntza sisteman (ere) ezarriko duela aurreratu duenean. Iragarpen horrek helburu bat baino gehiago edukiko du, seguruenera.

Agerikoa da Rajoyren asmoa dela esparru abertzalean sortu den arrakala handitzea, gobernu legal bat osatzeko presa sartu 155.aren luzapenaren mehatxuaren bidez, eta arlo mingarrienetik hasi delako esan du: hizkuntza murgiltzea.

Murgiltzearen ondoren edukiak etorriko dira, hurrengoa irakasleak kontratatzeko hizkuntza irizpideen aldaketa... eta, parodiaren esparrura eramanda PPren agiri hura Katalunia espainolizatu behar zela zioena gogoan, zezenketako ikasgaia ematea eskoletan.

Xantaia politikotik asko dauka hamarkadotan Katalunian kontsentsu handia bildu duen hizkuntza murgiltzea deuseztatzeko saio horrek. Jatorri ez-katalaneko milaka eta milaka herritar katalandu ditu sisteman horrek, garbi utzita hizkuntza era masiboan berreskuratzeko erarik merkeena eta eraginkorrena dela.

Rajoyri ez dio axola oraingo honetan bere helburua ez lortzeak, badakielako PSOE aurka atera zen ostiralean ez daukala nahiko kontsentsu hori egiteko. Baina, birzentralizazioaren haizagailua martxan jarri duten honetan, lortu du gaia erabaki handien agendan sartzea, eztabaida politikoaren koadernoan egotea eta, horren bidez, Espainiako herritar askorengan aberri bakar eta bateratuaren espiritua piztea. Halako «bazen garaia erabaki hori hartzeko».

Zein izango da birzentralizazioaren trenaren bigarren geltokia? Kataluniako komunikabide publikoetan esku hartzea, 155.aren aplikazioaren bezpera arte Espainiako Gobernuaren agendan egon zena eta, ustez, sozialisten presioagatik gauzatu ez zena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna