ENBAXADA BILA

Txanponaren bi aldeak

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2018ko apirilak 1
Oso aldi interesgarrian sartu da Kataluniako prozesua Kataluniatik kanpoko eremuan. Interesgarria eta kezkagarria, aldi berean; txanpona zer aldetatik erortzen den, horrek adieraziko digu Bruselako Gobernuaren bizitzaren iraupena.

Puigdemont presidentea Alemaniako ziega batean daukate, Espainiako Justiziak eskatutako euroaginduaren gaineko erabakia hartu zain. Kataluniako gatazka nazioartekotzeko ahalegin handia egin dute azken hamarkada erdian prozesuaren bultzagileek. Etengabekoa izan da diplomazialarien, komunikabideen eta eragileen joan-etorria, Bartzelonan bezala atzerrian. Bada, Europako diplomazia nagusiaren lurraldean jokatuko da, jokatzen ari da, partidaren zatirik garrantzitsuena.

Alemaniako Justiziak izango ahal da independenteagoa Espainiakoa baino hartuko duen erabakiak asko baldintzatuko du prozesuaren etorkizun hurbila. Puigdemont Espainiaren esku ez uztea erabakitzen badu —alegia, Alemanian libre segi dezakeela—, bi ondorio ekarriko ditu: sekulako belarrondokoa Espainiako Gobernuari eta Justiziari, eta deserriko gobernuari aurrera segitzeko indarra.

Erabakia Kataluniako presidentea Espainiara bidaltzea bada, belarrondokoa prozesuarentzat izango da; lehenago bide diplomatikotik adierazitakoa berretsiko lieketelako, orain juridikotik, independentziazaleei.

Bi kasuetan, Europako potentzia nagusiak bidalitako mezua litzateke. Horrek bihurtzen ditu interes handikoak hurrengo asteak. Deserriko Puigdemont aktiboa oso garrantzitsua da prozesuaren nazioarteko dimentsioan, errealitatearen gordina erakusteko lanean oso baliagarria delako.

Espainiako kartzelan dagoen Puigdemonten irudiak Kataluniako eremura mugatzen du arazoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna