ENBAXADA BILA

Bi erloju batera ari dira

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2018ko apirilak 8
Joan den igandeko Enbaxadan Espainiako Gobernuak jaso zezakeen belarrondokoaz ohartarazi nuen, eta ostiralean entzun zen ozen masaileko politikoa Europa osoan. Deskalifikazioa handiagoa da Llarena magistratuarentzat, Alemaniako Justiziak esan diolako Kataluniako prozesuaren eragileek ez dutela bortxakeria erabili, eraiki duen zotz gazteluaren ahulezi juridikoa agerian utziz.

Ezer ez da bukatu, eta ez da komeni gehiegizko poza erakustea ostiraleko erabakiagatik, Alemaniako Justiziak erabaki salomonikoa har dezakeelako: matxinada ez, baina diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua onar dezake. Lehen erabakiarekin, itxuraz, oso gaizki uzten ditu Espainiako Gobernua eta justizia; eta bigarrenarekin, Espainiako Gobernuak benetan nahi duena onartu: Puigdemont presidentea Espainiako kartzela batean edukitzea, eta, ondorioz, bi gobernuen formula indargabetzea.

Kontuz ispilukeria juridikoarekin, alegia, zortzi urteko kartzela zigorrak ez dio uzten onartezina izateari, nahiz eta 30 urtekoa saihesteko trebetasuna eduki den.

Aurrera doa Kataluniako Legebiltzarreko erlojua, eta talka egin dezake beste erloju batekin: Espainiako aurrekontuen erlojua. Jeltzaleek irizpidea aldatzen ez badute, 155. artikulua indargabetu bitartean ez dira PPrekin hasiko Espainiako aurrekontuak negoziatzen, eta, seguru asko, onartzen.

Kataluniako Gobernua osatzeko hipotesirik leunenean —epearen azken egunean salaketa judizialik gabeko lehendakari bat agintean— , pentsatzekoa da independentziazaleek ez diotela Rajoyri 155. artikulua baliogabetzeko aukera emango aurrekontuak onartzeko denbora iraungi baino lehenago. Rajoy zigortzeko modua izango litzateke aurrekontuak aurrera ateratzeko aukera ez ematea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna