ENBAXADA BILA

Esker txarrekoa eta desleiala

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2018ko ekainak 10
Gutxi irauten du pozak pobrearen etxean, eta, asteon ikusi dugunez, gutxiago oraindik katalan eta euskaldun askorenetan. Ez dizut ukatuko, Vicent, duela bi urte atsekabea eduki nuela ikusi nuenean ez zela osatu gehiengorik Espainiako Kongresuan Sanchez sozialistaren inguruan; eta ilusioa, betiere bere neurrian, piztu zitzaidala ikusi nuenean baldintza guztiak zeudela zentsura mozioa ondo atera eta Espainiako Rajoy presidentea etxera bidean jartzeko. Inork ez zuen geratu nahi Rajoyren babesle bakar moduan, eta, sudurra tapatuta ere, Sanchezen aldeko botoa ematea beste aukerarik ez zeukaten. Ez katalanek, ezta euskaldunek ere.

Sanchezen ahuldadea hain nabarmena izanda, aurreikus zitekeen gobernua osatzeko orduan kontu berezia edukiko zuela presidente sozialistak, ez katalanentzat eta ez euskaldunentzat arbuiagarriak izango ez ziren ministroak izendatzeko orduan. Bada, ez: Borrell zuentzat, eta Grande Marlaska guretzat. Salbazio nazionaleko gobernu baterako egokiagoak ezin topatu.

Esker txarrekoa izan beharra dago astebete lehenago zegoen krater politikotik ateratzen lagundu zioten Podemos, ERC, PDeCAT, EAJ, Compromis eta EH Bildu alderdiekin hain desleial jokatzeko. Zergatik ez zien bozketa aurretik jakinarazi katalanei Borrell Kanpo Arazoetan eta euskaldunei Grande Marlaska Barnean jarriko zituela gobernuan? Rubalcabaren bertsiorik txarrena izateko bidean doalako Sanchez.

Bi urte barruko hauteskunde kanpainaren mitinetako oholtzari eusteko erabili ditu Sanchezek bere alde botoa eman zuten alderdiak.

Gertatutakoa gutxi balitz bezala, alderdi horien botoa nahi eta beharko du Sanchezek abiatu duen hauteskunde kanpainan, Kongresuan lege aurrerazaleak aurkezten dituenean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna