martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Kondena eta mezua

2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako lehendakari berri Sanchezen eta izendatzear dauzkan ministroen gainean jardun nahi nuen gaur, zenbat izango ote diren PSE edota PSNkoak, eta zenbat PsCkoak... nolako profila bilatuko duen... Baina errealitatea burugogorra da gurean, eta, kasu honetan, larria.

Nahita edo nahi gabe, Sanchezek garaipena lortu zuen ostiral berean iritsi zitzaigun Altsasuko gazteen epaiketaren zigor sententzia: 2 eta 13 urte arteko kartzela zigorra. Espero genezakeen gogorrena erabaki dute magistratuek, euskal auziaren garairik bortitzenean geundenean legez, «dena da ETA» garaian egiten zen bezala, «etsaiaren zuzenbidea» zenean magistratu eta fiskal askorentzako itsasargia.

«Terrorismo» delitua bazterrean utzi dute sententzia idatzi dutenek, jakinda eskandalu bat izango litzatekeela taberna bateko istilu bati kategoria hori ematea; baina zigorrik handienaren kasuan, urteak pilatuta, «terrorismo» delituaren pare jarri dute. Urteetan aurrera eraman duten estrategia erabili dute orain ere: urte asko eskatu, eta gero gutxiago zigortu. Halako «ez kexatu erori zaizunarekin, okerragoa izan zitekeen» moduko bat.

Oso aurrekari adierazgarria da, Vicent adierazgarritik daukan guztia dauka beldurgarritik, gazte horien aurkako zigorra, Kataluniako prozesuaren sustatzaileek udazken-neguetan edukiko dituzten epaiketei begira. «Zer daukate ikusteko Altsasuko gazteen epaiketak eta prozesuarenak?», galdetuko digu irakurle batek baino gehiagok, arrazoiarekin. Ezer ez, eta dena. Jarrera adierazten du, Espainiako goi mailako auzitegi horiek horrelako auzietan zer egiteko prest dauden ikusten laguntzen digu, pista bat ematen digu Kataluniako akusatuekin zer gerta litekeen. Baldin eta Sanchez presidente berriak fiskaltzan ez badu eragiten. Haren esku dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.