ENBAXADA BILA

Eskerrak emateko eguna

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2015eko abenduak 6
Mende laurdena beteko da gaur, Vicent, Euskaldunon Egunkaria sortu genuela, mende laurdena eguneroko egunkari nazionala egiten, ekimen handiko euskaltzale askoren laguntzari eta langileen konpromisoari esker.

Gure kulturaren eta produkzioaren beste kasu askotan bezala, gertutik segitu genuen hasieratik urte dezente lehenago jaio ziren El Punt eta Avui egunkarien ibilbidea, baita ibarretako egunkariena ere. Esate baterako, El Punt-ek etxerako harpidetza sendoa eta arrakastatsua zeukala jakitea lagungarri izan zen jaioberriaren iraupena segurtatzeko orduan. Eta horrelako beste asko.

Zuen egoera soziolinguistikoak eta erabakimenak aukera eman zizuen guk baino dezente lehenago abiatzeko proiektu horiek.

Gizartearen ekimenetik, alegia erakunde publikoen hasierako bultzadarik gabe, sortutako egitasmoekin gertatzen den bezala, ilusio handia sortu zuen euskaldun askoren artean, aspaldi behar genuen eguneroko hori azkenean eskuetan edukitzeak.

Jaio zen, hazi zen, eta heldu ere bai. Eta, justu nagusitasunaren adinenean eta jardunean zegoenean, indarrez itxi zuen Espainiako justiziak; ez buru eta ez hanka ez zeukaten salaketak gogorrak botaz, zuzenean, arduradunen gainean eta, zeharka, proiektuarenean.

Egun egokia da gaur, Egunkaria jaio zeneko 25. urteurrena, gogoratzeko, eta eskertzeko, adiskide katalanei, eskaini zeniguten laguntza eta elkartasuna, Egunkaria martxan zegoenean, hobea egin genezan, eta, batik bat, itxi zutenean, ahalik eta azkarren berria sor genezan.

Hura ikaragarria izan zen, euskaldun askok, Egunkaria-koak izan edo ez, sekula ahaztuko ez dutena. Gauzak zer diren, David Fernandez izan zen gure kanpaina arduraduna Katalunian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna