ENBAXADA BILA

Txanponaren beste aurpegia

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2018ko maiatzak 27
Azkar gertakizunak Espainia aldetik. Egun batean Zaplana ministro ohiaren atxiloketa eta aurrekontu jeltzaleen onarpena, biharamunean Gurtel epaiketaren erabakia, eta hurrengoan PSOEren zentsura mozioa Rajoy Moncloatik kanpo uzteko.

Katalan askok ez dute ahaztuko EAJk PPri 2018ko aurrekontuak direla-eta emandako babes politikoa. PPren garairik ustelenean, eta bere magistratuak eta fiskalak jarrerarik gogorrenarekin Kataluniako buruzagi independentziazaleen aurka bidaltzen dituen garaian.

PSOEko idazkari nagusi Sanchezek aurkeztu duen zentsura mozioak bere bidea egiten badu 2016ko urtarrileko ministerio eskaera sinesgaitzaren ondoren, zaila dauka Pablo Iglesiasek berriro ministerioak exijitzen hastea, nahiko zukeen baino lehenago birplanteatu beharko du EAJk zein den bere aliatu nagusia Madrilen. Akordio gune gehiago dauzka EAJk PSOErekin PPrekin baino. Gai batzuetan antzeko jarrera daukate sozialistek eta popularrek: kontzertu ekonomikoa, AHTa... Beste batzuetan, aitzitik, gertuago daude EAJ eta PSOE: autonomia estatutuaren berrikuntza estentsiboaren beharra, espetxe politikaren berria, Kataluniako auzia... Hori nahikoa ez balitz bezala, gobernukide dira EAJ eta PSE-EE Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Jaurlaritzan, aldundietan eta hiriburu eta hiri nagusietan.

PPri eusteko orduan, askoz sakontasun politiko handiagoa dauka zentsura mozioaren aurka botoa emateak, urteko aurrekontuak onartzen laguntzeak baino. Lehenengoan, identifikazioa erabatekoa da, teorian trukerik ez lukeelako babes horrek. Aurrekontuen kasuan, beti jantz liteke.

Politegia da dena egingarria izateko. Abantaila dauka Sanchezek: egun gutxiko kontua izanik, estatu aparatuek denbora gutxi daukate erreakzionatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna