ENBAXADA BILA

Fenomeno berria

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2018ko martxoak 11
Garai berrietako ezaugarri soziologikoetako bat da. Gutxien espero duzunean, jende uholde handiek hartzen dituzte gure hirietako kaleak; ez bat-batean gertatu den zer edo zeren alde edo aurka, baizik eta lehenagotik arazo larrien agendan denbora asko eraman eta haren aldeko deialdiek askoz jende gutxiago bildu ohi duten kausengatik.

Adibide bat baino gehiago daude azken urteotan. Kasu desberdinak dira, bakoitzak bere ñabardurak dauzka, ezin dira denak zaku berean sartu... baina denek sortu digute, eta dizuete, harridura espresio bera: «Baina nondik atera da jende hau, non egon da orain arte...?».

Madrilen gertatu zitzaien M-15arekin kalean protesta egiten urteak zeramatzaten ezkerreko minoritarioei, eta marea zuri eta berdearekin, Mallorcan bertako hizkuntza eskolan erabiltzearen alde mobilizatu zirenei, Katalunian 2010eko uztailaren 10eko manifestazio ikaragarriarekin ordura arte zeundeten independentziazale eskasei, berrikiago pentsiodunekin eta, azkena egutegian, ostegunean emakumeen eskubideen aldeko geldialdi, greba eta bilkurekin.

Kausa horien guztien alde urteak daramatzate talde kontzientziatuetako militanteek lan bikaina egiten, bikaina bezain bakartia askotan.

Ostegun honetan, herri askotan aurreneko aldiz egon dira manifestazioak emakumeen eskubideen alde, eta lehenagotik egindakoetan, gutxienez, hamarkoiztu egin da asistentzia. Emakume askoren egoera duela urtebete bezain gaizki dago, baina, aurreko urteekin aldaketa kualitatiborik egon ez den arren, aurten hautsi da anfora.

Sentsibilitate sozial apur bat daukaten enpresaburuek ez liekete emakume grebalariei grebaren zatia kendu behar soldatatik. Ez da laneko greba izan: hil ez ditzaten atera dira kalera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna