Ostikoka ere irabazten da

Leinsterrek 15-12 irabazi dio Racing 92ri Txapeldunen Kopako finalean, bere laugarrena. Giro goibelari aurre eginez, errugbizalez bete dira Bilboko kaleak.

Goian, bi taldeetako jokalariak, lehian; behean, zaleen giroa. M. DEL VALLE / FOKU.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Irlandarrek agintzen dute Europako errugbian. Selekzioak Sei Nazioen Torneoa irabazi ostean, Dublingo Leinster taldeak bere laugarren Txapeldunen Kopa irabazi zuen, atzo, Bilbon, Parisko Racing 92 taldearen aurka (15-12). Partida gogorra, hutsegitez betea eta entsegurik gabekoa izan zen. Puntu guztiak zigor kolpez lortu zituzten bi taldeek. Leinster zen faboritoa, baina frantziarrak ezustekoa emateko zorian egon ziren.

Ostiralean jokatu zen Challenge kopako finalean entsegu ugari eta joko bizia ikusi ahal izan ziren; atzo, ordea, defentsako jokoa gailendu zen. Bi taldeak aurkariarenerasoak eteteko gai izan ziren, eta ostikatzaileen abileziak erabaki zuen partida. Racingen kasuan, Pat Lambiek min hartu zuen, eta Teddy Iribarnek ordezkatu zuen. Fin ibili zen Paueko jokalaria. Irlandarren artean, Johnny Sexton eta Isa Nacewa izan ziren jaurtitzailerik onenak.

Lehen zatian, bi taldeak ahalegindu ziren aurkariaren lerroak apurtzen, baina ezin izan zuten. Kontrarioaren hutsak eta zigorrak baliatu zituzten zigor kolpeen bidez markagailuan puntuak lortzeko. Frantziarrek lortu zuten lehen abantaila (0-3), baina segituan erantzun zuten irlandarrek (3-3). Leinster faboritoa bazen ere, ez zuen lortu gustuko duen jokoa egitea. Lehen zatia bukatu aurretik, beste zigor kolpe bana sartu zuten bi taldeek, eta seina joan ziren atsedenaldira.

Bigarren zatia hasi bezain pronto, Racingek aukera izan zuen partidako lehen entsegua sartzeko. Aurrelarien lanarekin metroak irabazten saiatu ziren Leinsterren zelaian; baina, hutsegite baten ostean, zigor kolpe batekin konformatu behar izan zuten (6-9). Gauza bera gertatu zen partida osoan: bi taldeek erasoak abiatzen zituzten, baina hutsegiteen edo zigorren ondorioz ezerezean geratzen ziren. Zigor kolpe bidez saiatu ziren aurrea hartzen, baina batek sartu eta besteak erantzun egiten zuen. Hiru minutu falta zirela, Leinster 15-12 jarri zen aurretik. 80 minutuak igarota, Racingeko Henry Chavancy bote lasterrez partida berdintzen ahalegindu zen azken minutuan, baina huts egin zuen.

Atzoko garaipenarekin, Leinsterrek denboraldi bikaina osatu du. Txapeldunen Kopako partida guztiak irabazi ditu, eta Tolosarekin batera, Txapeldunen Kopa gehien duen taldea da orain.

Euriak ez du zapuztu eguna

Giro paregabea egon zen Bilbon. Ostiralarekin alderatuz, eguraldiak ez zuen lagundu atzo; hala ere, goizak aurrera egin ahala, zaleak Areatzako zaleen gunean biltzen hasi ziren. Eguerdi alderajendez lepo zegoen. Erakustaldiak, lehiaketak, jokoak, kontzertuak... denetarako aukera zegoen hirian zehar, finaletarako propio jarritako guneetan. Bilboko kaleetan bildutako errugbizaleen artean, Leinsterreko urdina zen nagusi. Milaka zale irlandar bildu ziren Bilbon. Tartean zebiltzan Anthony eta Thomas Hendrick aita-semeak. «Prezio garestiak direla eta, gaur heldu gara Dublindik, eta partida ostean itzuliko gara».

Irlandarrak nagusi ziren, baina, tartean ere bazeuden Racing 92 taldeko zaleak. Ez irlandarrak bezain zaratatsuak, baina bai gogotsu eta irabazteko ilusioarekin. «Hiria eta zelaia ikusgarriak dira». Eguraldi hobeagoa espero bazuen ere, Parisko Olivier Duvali «ideia aparta» iruditu zitzaion finalak Bilbon jokatzea. Bertako zaleak ere baziren. Hainbat beraien taldeetako elastikoak jantzita zihoazen. «Amets bat da maila honetako errugbia ikusteko aukera izatea, normalean kanpora joan behar izaten baitugu», adierazi zuen Gernikako Asier Olaetak. Zale guztiek bat egin zuten finalak «errugbiaren ohiko zirkuituetatik kanpo» jokatzearen garrantziaz kirola indartu eta zabaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.