Ez du gehiago itxaron nahi

Aurreneko aukeran huts egin ondoren, Baskoniak bigarrena baliatu nahi du gaur Bartzelona kanporatu eta zortzi urte geroago ACBko finala jokatzeko

Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Baskoniak ACB ligako finalerdietan Bartzelonaren aurka jokatuko zuela jakin zenetik, Pedro Martinezek behin eta berriz zerbait nabarmendu baldin badu, hori da kanporaketa «oso zaila» izango dela eta «izugarri» sufritu beharko dutela sailkatzeko. Bereari eutsi zion lehen partida amaitutakoan, eta Bartzelonari 25 punturen aldeaz irabazi berritan. «Inozoak ginateke gertatu denagatik Bartzelonari errespetua galduko bagenio. Ziur naiz bigarren partidan Bartzelona askoz gogotsuago eta oldarkorrago ariko dela». Harrigarria bada ere, are eta zuhurrago mintzatu zen bigarren norgehiagoka amaitutakoan eta bigarren garaipena lortu berritan. «Oso litekeena da beste hiru partida jokatu behar izatea».

Zergatik horrenbesteko zuhurtzia kanporaketa horren aldeko izanda? Bada, Kirolbet Baskoniako teknikari kataluniarrak ia hogei urte daramatzalako ACB ligan entrenatzen, eta badakielako ez dagoela ezer arriskutsuagorik animalia zauritu bat baino, are gehiago animalia zauritu hori indartsua eta borrokalaria baldin bada. Badaki animalia hori azkeneraino borrokatuko dela bizirik jarraitzeko. Eta horixe da Bartzelona, larri zauritutako animalia bat, larri, berriz ere galduz gero lehiaketatik kanpo geratuko baita. Baina Kataluniako taldea ez dago amore emateko prest azkeneraino borroka egin gabe. Herenegun erakutsi zuen, kanporaketako hirugarren partida irabazita eta laugarren neurketa behartuta. Gaur jokatuko dute gasteiztarrek eta kataluniarrek. 18:30ean da partida, berriz ere Palau Blaugranan.

Baskoniaren helburua jakinekoa da: hirugarren garaipena lortzea eta zortzi urte geroago finalerako sailkatzea. Hori eginez gero, Real Madril izango luke zain, datorren asteazkenetik aurrera. Jakinekoa da, era berean, zein izango den Bartzelonaren xedea gaur: bigarrenez jarraian irabaztea eta bosgarren partida behartzea. Neurketa erabakigarri hori jokatu behar balitz, datorren asteartean izango litzateke, Buesa Arenan.

Gasteizko taldeak argi du zertan hobetu behar duen: batetik, Svetislav Pesicek hain gustuko duen defentsa itogarria gainetik kendu behar du, eta bizi-bizi jokatu; bestetik, portzentaje hobeak lortu behar ditu jaurtiketetan, eta hiruko marratik eraginkorrago aritu; horrez gain, errebotea ondo itxi behar du; eta, azkenik, ezin du baloia erraz galdu. Hain justu, galdutako bi baloik kondenatu zuten hirugarren partidan. Halere, baikor egoteko arrazoiak daude, apal jokatu arren esku-eskura izan baitzuen garaipena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.