martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Ibilera ekonomikoak

2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Aspaldi gertatu zen. Sartu nintzen goi mailako euskal futbol talde bateko palkoan partida bat ikustera, eta ohartu nintzen sarrerako atalburuaren gainean bi argazki zeudela, elkarren ondoan.

Batean, Eusko Jaurlaritzako orduko lehendakariaren irudi instituzionala zegoen, eta bestean, Juan Carlos Borboikoarena. Ikusten ari nintzena ezin sinetsiz, gonbidatu ninduen taldeko lehendakariari galdetu nion, geneukan harreman onaz baliatuz, borboitarren argazkiaren arrazoiaz. Egindakoaz oso harro ez gaudenean bezalako aurpegia jarri zidan taldeko buruak, eta taldearen ehungarren urteurreneko batzorde bereziaren ohorezko lehendakari izatea onartu zuelako zegoela argazki hura denon begi bistan.

Zer behar ote zeukan talde hark borboitarrari horrelako ohorea eskaintzeko?

Eta hamarkadetan gurtu duten Euskal Herriko erakunde publikoek ohorezko zenbat aurresku eskaini dizkiote? Gure herriko enpresetan ikusi dugu bisita egiten, komunikabideetako egoitzetan... Errege horrek gure herrian eduki dituen gonbidatzaileek ez zekiten norekin ari ziren? Abdikazioa eman arte ez zuten jakin haren negozio ilunen berri?

Epaile bat hasia dago ikertzen Saudi Arabian AVE trena egiteko lanen esleipena Espainiako enpresa partzuergo bati eman ziezaioten herri hartako buruzagiekin egindako gestioen truke borboitarrak enpresa horietatik dirua jaso ote duen.

«Gure aitak 1931n Espainia utzi zuenean, esku bat aurrean eta bestea atzean zituela joan zen. Ni ez naiz horrela joango» esaldiaren egiletzat jotzen dute Juan Carlos Borboikoa, haren ibilera ekonomikoak ondo ezagutzen dituzten kazetariek eta politikoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.