Albistea entzun

Idauze-Mendiko gazteriaren eskutik datoz 2015eko maskaradak

Urtarrilaren 18tik apirilaren 19ra, 12 agerraldi izango dira.

Arbaila Handiko herriak duela 16 urte paratu zituen azkenekoz maskaradak.

Gaztetasuna da 30 inguru joko egileen ezaugarri nabarmenena
Buhameak, maskaradetako pertsonaia barrabasak.
Buhameak, maskaradetako pertsonaia barrabasak. ALLANDE SOKARROS

Allande Sokarros -

2014ko abenduak 28

Idauze-Mendiko (Arbaila Handia) gazteriak emango ditu 2015. urteko Zuberoako maskaradak. Inauteri horiek urtarrilaren 18a eta apirilaren 19a bitartean izango dira, eta, ohitura den legez, lehen eta azken agerraldiak herrian bertan emateaz gain, Zuberoan zehar beste hamar jelkaldi edo ateraldi egingo dituzte idauztar-mendiar gazteek.

Badira hamasei urte Idauze-Mendik ez dituela maskaradak paratu, aurrekoak 1999an eman zituztelakotz. Tarte horretan, haatik, Pier-Pol Berzaitzek idatzitako Ramuntxo pastorala eman zuten herritarrek, 2003. urtean. Sarritan, beti ere ez esatearren, gertatzen da herri batek maskaradak eta pastorala jarraitutasunean paratu eta eman ditzan, urte batzuk tarte. Herri batek Zuberoako euskal kulturari dion atxikipenaren seinale dira, bata zein bestea. Haatik, bi kultura adierazpen horien gizarte esparrua ezberdina da, zeren eta pastorala adin orotako jendearen bilgune, elkarlan eta emaitza da, eta maskaradak, berriz, gazteriaren kontuko dira.

Ezaugarri hori nabarizkoa da Idauze-Mendikoen kasuan ere, 30 bat joko egileak oso-oso gazteak baitira. Ohargarria geratuko da, halaber, horietarik asko neskak direla, eta aitzindariak dantzarien artean; esaterako, Entseinaria salbu, denak hala dira. Jakina da Zuberoako neskek dutela nolabait dantza jauzien katean etenik ez gertatzea ahalegindu, halako batean mutil gehienak kultura arlotik saihestu baitziren, kirol jarduerak lehenesteagatik batik bat. Urteotan, hala ere, badirudi mutilak dantza tradizionalari berriro arreta jartzen ari direla… Hala, kukuilero edo dantzari gazteenen artean, mistotasun nabariagoa azalduko da Idauze-Mendiko maskarada hauetan.

Osaba-iloba xorrotxak

Mutilak nagusitasun osoan geratuko diren joko esparruak dira, aldiz, kauterena eta buhameena. Ez matxismoan sustraitutako ohitura batengatik; bai, ordea, beltzeria taldeko bi pertsonaia kasta horien jokoa barrabasa eta bortitza ere baita, gehienetan. Batzuetan, haatik, gertatu izan da kautere neska bat edo beste izatea, hala nola iazko Iruri eta Zalgizeko maskaradetan, eta sarriago buhaminak egon daitezen. Buhamina talde oso bat ere agertu zen 2009an, Barkoxe herriko gazteriak paratu zituen maskaradetan.

Urteotan, xorrotx edo zorroztarien jokoan neskak aritu izan dira, baina Idauze-Mendiko maskarada hauetan bi jokalariak gizonezkoak izango dira. Baita osaba-ilobak ere... Halaxe baitira Jean-Michel Ondarzuhu xorrotx nagusia eta Cedric Elgoien xorrotx mutila. Jaunaren ezpata zorrozteko eginbeharraz gain, bikote horrek maskaradetako jokoen artean ematen diren bertsoak kantatuko dituzte. Zamaltzainaren zikiratzeko lanetan diharduten eta biarnesez hitz egiten duten kherestuak ere mutilak dira, kargu horretan jardungo dutelarik Cedric Zamalbide eta Arño Karrikartek. Maskaraden ohiturak Auvernia eskualdeko (Okzitania) jatorrizkotzat jotzen dituen kauter galdaragileak aipatzearren, horien nagusia den Kabana handiaren jokoan arituko da Nicolas Bouillon. Pitxu kautere zirto egilea, berriz, Joimo Lacroix izango da. Maskarada bakoitzean izenez aldatu egin ohi diren beste kauterak dirateke, berriz, Cedric Etxebarne, Jean Etxebarne eta Jeremy Arhan. Munduan zehar egiten duten bidaialdia ahobero kontatzen duten buhameen kontura, horien burua den buhame jauna Laurentx Bereziartua izango da, eta zarpail lagun ditu Jeremy Elgoien, Thomas Agorrodi, Arnaud Bourrus eta Laurent Karrike.

Hiru aldiz larunbatez

Maskaradak bi talderen arteko alderatzea dira, eta horretarako da, hain zuzen, plurala erabili behar. Gizarte txukunaren ordezkarietan dira jauna —Gilles Lafitte— eta anderea —Isabelle Bouillon—, nola ere laborari eta laborarisa —Marc Agorrodi eta Marion Armagnague—. Aitzindariak dantzari taldekoak ere mundu horretakoak dira. Aurtengo maskaradetan zortzi aitzindari azalduko dira, agerraldietan halabeharrez tartekatzeko aukerarik izango dutelarik. Lehen esan bezala, dantzari talde horretako zazpi neskak dira. Goiz parteko barrikada hausteetan eta arratsaldeko maskaraden agerraldian dantzalekuetara etortzen diren ordenan izendatuz, Idauze-Mendiko maskaradetako aitzindarietan arituko dira: Adeline Artzanütürri eta Helene Haurie (Txerreroak) Laure Etxeberriborde eta Lili Arrosagarai (Gattero edo Gathuzainak), Celine Etxeberriborde eta Joana Karrike (Kantiniersak), Audrey Karrike (Zamaltzaina) eta Thomas Etxebarne (Entseinaria). Komeni da, halaber, maskaradei harrera egiten dien herriko dantzarien eta maskaradetakoen artean halako desafio egiteak diren goizeko barrikada hausteak ikustea, Zuberoako inauterien barrunbeaz apurtxo bat jabetzeko. Maskaraden ikusgarriari, berriz, 15:30 edo 16:00 inguruan ematen zaio hasiera. Aurtengo maskaradetan egongo den berezitasun bat izango da martxoko bost agerraldietatik hiru azkenak larunbatetan gertatuko direla. Hori ez da batere berri txarra urrundik etortzen diren ikusliarrentzat, gisa horretan ikusgarriaren bi ordu eta erdi ingururen amaierara geratzeko aukerarik izango baitute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Zepai bizi izan zen etxean ipinitako oroigarria, Idiazabalen. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Bi aroren arteko lokarri

Hodei Iruretagoiena

Akilino Izagirre Amenabar 'Zepai' zena omendu dute Idiazabalen, bertsolariaren heriotzaren 50. urteurrenean. 36ko gerra osteko hutsuneari buelta eman ziotenetako bat izan zen, Uztapide eta Basarriren aroaren atariko.
NIFFeko antolatzaileak, zinema jaialdiaren aurkezpenean, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdian ikuspegi feminista txertatuko dute

Olaia L. Garaialde

Abuztuaren 4tik 7ra egingo dute. Programan, proiekzioak, ikastaroak, liburu aurkezpenak eta Lucia Herreroren argazki erakusketa daude
Jon Insausti, Jose Mari Zabala, Klaas van Gorkum, Iratxe Jaio eta Susana Soto, atzo, San Telmon. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Museo Bikoitzak, lekuko bikoitza: Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum

Andoni Imaz

Jose Mari Zabalak aukeratu ditu bi artistak San Telmo museoaren programari jarraipena emateko. Begirada antropologikoarekin aztertuko dute bilduma datozen hilabeteetan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna