Durangoko 52. Azoka. Jakoba Errekondo eta Idoia Torregarai. Bizi Baratzea proiektuaren arduraduna eta UEUko komunikazio arduraduna

«Azokak elkargunea izatea bilatu egin behar du; bilatu egin behar dugu, espazioak irekiz»

Bizia dute hizkera biek; umorez elikatzen dute jarduna. Agronomoa eta paisajista da bata, Udako Euskal Unibertsitateko komunikazio arduraduna bestea. Herri berekoak izateak eta azokak batzen ditu.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe Leunda -

2017ko abenduak 9
Azken hiru urteotan Argia-ko erakusmahaian egon da Jakoba Errekondo (Usurbil, Gipuzkoa, 1961). Bizi baratzea liburu eta proiektuari tiraka jende andana pilatzen du egunero bere inguruan. Idoia Torregaraik (Usurbil, Gipuzkoa, 1974) hogei urte inguru daramatza, hutsik egin gabe, Udako Euskal Unibertsitatearen erakusmahaian lanean.

Nola oroitzen duzu azokara etorri zinen lehen aldia?

IDOIA TORREGARAI: Nahiko berandu etorri nintzen lehen aldiz, 20 bat urterekin. Lagunekin etorri nintzen. Eta gogoratzen dut hotz handia egiten zuela eta egoera nahiko prekarioan antolatzen zela. Baina, era berean, shock positibo bat izan zen: hainbeste liburu euskaraz ikusteak ilusioa piztu zidan.

JAKOBA ERREKONDO: Ez naiz akordatzen lehen aldia noiz izan zen, baina oroimena daukat Durangoko elizako arkupean zela. Nahiko prehistorikoa. Jende guztia ilun jantzita. Sentsazioa dut fraide tartera etorri nintzela, baina unibertso baten deskubrimendua ere izan hura. Garai hartan ez zegoen ia liburu dendarik, eta pentsa, han hainbeste liburu batera...

Esperientziaren talaiatik: azoka bat ala elkargune bat da?

J.E.: Niretzat biak dira.

I.T.: Niretzat ere bai, azoka ere bada eta. Postu asko izaten da, eta erostera ere etortzen gara, baina niretzat pertsonalki, elkargunea da garrantzitsuagoa.

J.E.: Elkargunea izatea ere bilatu egin behar du; bilatu egin behar dugu, espazioak irekiz. Gurean, adibidez, ez dago standik, ez dago erakusmahairik. Urteren batean bi aulki ere ekarri izan ditugu, jendea eseri eta lasai hitz egin dezan. Espazioaren nolakotasunak eragiten duela elkargunean, alegia. Nire kasuan, Bizi baratzea sekta bat da [barreak]: jendea etortzen da galderak egitera, hitz egitera. Orduan, garrantzitsua da espazioa irekia izatea erabat.

I.T.: Zurea kontsultorioa da [barreak].

Norekin izan duzu solasaldi interesgarriena urteotan?

I.T.: Ikasle batekin izan zen. 18-19 urte izango zituen. Gure standera hurbildu zen, eta erosi zuen Piskunoven itzulpen bat. Matematikari errusiar bat izan zen Piskunov. Liburu hark 40 euro balio zuen, eta bere borondatez erosi zuen. Elkarrizketa oso interesgarria izan genuen. Harritu eta poztu egin ninduen interes hark.

J.E.: Hainbeste jende etortzen da kontsultak egitera. Denekin gustura ni!

Norekin hartuko zenituzke trago batzuk?

J.E.: Nik nahi dut Museo Arkeologikoa antolatu... Anjel Lertxundirekin, Antton Olariagarekin eta abarrekin. Adibidez, atzo [herenegun], hemen izan ziren agurtzen. Gero haiekin joan nahi nuen bazkaltzera, baina ezin izan nuen. Nik uste dut azokak berak gauza horiek aurreikusi beharko lituzkeela. Gune berezi batzuk egon beharko lirateke jendea elkartzeko, eserleku batzuk, lasai egoteko. Dena baita presa eta mugimendua.

I.T.: Bai, chill out tankerako zerbait! Nik pendiente dut trago batzuk hartzea azokako komunikaziokoekin. Gustatuko bailitzaidake atzeko parte hori ere ezagutzea, nik ere horretan egiten dudanez lan.

Zein da azokan izan duzun unerik desatseginena?

J.E.: Estresak baditu kalteak, baina, era berean, tentsio horrek laguntzen du egunari aurre egiten. Bestela, ezingo nituzke galdera horiek guztiak erantzun eta ez dakit zenbat liburu sinatu.

I.T.: Une desatseginik ez dut bereziki akorduan.

Durangoko Azokako bihotzeko txokoa?

I.T.: Aspergarrion kalea da nire txoko kuttuna, Artekale. Zergatik? Bertan egoten delako lasaien. Ez da jende asko ibiltzen unibertsitateetako eta beste zenbait erakundetako argitalpenak kuxkuxeatzen, baina niri hortxe ibiltzea gustatzen zait. Eta ezustekoak ere izaten dira bertan.

J.E.: Ez dakit... Asko-asko gustatzen zait Euskadi Irratia egoten den lekua. Azokako larunbatean irratsaioa bertatik egiten dut. Larunbatean etorri azoka hutsa dagoela, eta han goiko balkoitik begiratzea ederra da. Txori bistako ikuspegia da.

Urteotako guztiotako kantu bat eta liburu bat?

I.T.: Nik azoka lotzen dut Mikel Urdangarinen Non geratzen den denbora kantuarekin; izugarri entzun zen. Liburua, berriz, Patxi Uharte Zaldieroa-ren De Rerum Natura. Atera dituen denak!

J.E.: Niri kantu berezirik ez zait geratu, baina liburu bat asko-asko gogoratzen dudana da Joxe Agustin Arrietaren Manu militari. Soldaduskan irakurri nuen, eta harekin hitz egin nuen gero liburuaz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna