ENBAXADA BILA

Intsumisio ñimiñoa

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2018ko urtarrilak 28
Gero eta gutxiago falta da jakiteko zer gertatuko den zuen presidente berriaren izendapenarekin. Astearteko data jarri zuen duela gutxi Torrent legebiltzarburuak, baina Espainiako Gobernuak aurreratu du helegitea jarriko diola Puigdemont lehendakarigai izateko erabakiari. Estatu Kontseilua, nonbait, nekatu egin da Espainiako Gobernuaren erabaki guztiei amen esaten, eta erantzun dio helegite horrek ez daukala justifikaziorik, ez delako, oraindik, ekintza administratibo bat. Alegia, legez oso gutxi dakigunok ondo ulertzeko moduan: ezin diote helegitea jarri formalki —akta ofizial batean idatzita— existitzen ez duen asmo bati. Publikoa egin da, baina asmo izaten segitzen du.

Estatu Kontseiluaren erabakia ez da bete beharrekoa eta formari buruzkoa da soilik, Rajoyren aholkulariak azkarregi ibili direlako, baina, hala ere, gaizki uzten du Espainiako Gobernua; estatu egiturek Kontseilua da horietako bat babesa eman diote aho batez Rajoyren gobernuak azken bi urteotan egindako guztiari; aitzitik, ostegunekoa da aurkako aurrenekoa. Oso itxaropentsu, itsuki itxaropentsu izan beharra dago formazko erabaki horrek beste egitura batzuetan, Auzitegi Konstituzionalean, orain arte ikusi dugun ahobatasuna urratzeko bidea eman lezakeela pentsatzeko. Auzitegi horren erabakietan ez dugu boto partikular bakar bat ikusi Kataluniako auzian azken denboran. Estatu Kontseiluaren intsumisio keinu ñimiño horrek anima lezake gorte goreneko epaileren bat diskrepantzia erakustera aurki hartu beharreko erabakietan? Sorpresa handia izango litzateke, juridikoa eta politikoa.

Estatua sendotasuna, erabatekoa, ari da erakusten prozesuan zehar. Ezin da gauza bera esan independentziaren aldeko blokeaz. Egunero arrakala bat ikusten dugu, eta estatuak apuntatu egiten ditu halakoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna